BAKETZEA

Urkulluk "behar den guztietan" proposatuko dio Rajoyri bake plana

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ukatu egin du Espainiako Gobernuko presidenteari presoak askatzeko plan bat eman izana.

2013ko abenduaren 13a
17:23
Entzun

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zehaztu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari ez diola "inoiz" presoak libre uzteko planik proposatu, baina bai, ordea, bake plan "orokor" bat; Urkulluk gaineratu du plan hori "behar den guztietan" proposatuko diola Rajoyri.

UPDk eskatu dizkio azalpenak Urkulluri, espetxe politikari buruz Rajoyri zer proposatu dion jakiteko. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak "susmagarrita" iritzi dio Urkulluk Rajoyrekin izandako bileran erakutsitako "sekretismoari".

Urkulluk gogorarazi du hiru aldiz batzartu dela Rajoyrekin, eta Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko lehendakarien arteko harremanen testuinguruan kokatu ditu bilkura horiek.

Urkulluk azaldu du Rajoyri "agiri ugari" eman dizkiola eta horien artean dagoela Jaurlaritzak proposatutako Bake eta Bizikidetza Planaren zirriborroa. Urkulluk espero du hurrengo bilera batean ematea Rajoyri behin betiko testua.

Plan horretako zortzigarren puntuak espetxe politika du hizpide, baina Urkulluk argitu du ez duela presoak askatzeko proposamenik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.