Urkulluk bozetarako laguntza eskatu dio Madrili, eta Txibitek, ekonomiarako neurri azkarrak

Espainiako presidente Pedro Sanchezekin bideokonferentzian mintzatu dira Hegoaldeko erakunde nagusietako buruak.

Urkullu Lehendakaria bideokoferentziaz mintzatu da Sanchezekin eta beste autonomiaburuekin. IREKIA
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 24a
15:48
Entzun

Eusko Legebiltzarra aukeratzeko uztailaren 12an egitekoak diren bozak «segurtasunez eta berme guztiekin» gauzatzeko, erabateko laguntza eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuko buru Pedro Sanchezi, Internet bidez eginiko konferentzian. Solasaldi horretan bertan, Maria Txibite Nafarroako presidenteak «neurri azkarrak» galdegin dizkio herrialdearentzat «funtsezkoak diren alorrak suspertzeko», eta autogintza, eraikuntza eta turismoa aipatu ditu adibide gisa.

Sanchezek autonomia erkidegoetako buruekin egin duen konferentzian mintzatu dira Hego Euskal Herriko erakunde nagusietako buruak. Urkulluk esan du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «krisiaren eta osasun larrialdiaren txarrena gainditu» dutela. Azken asteotan osasun indize guztiak hobetuz joan direla-eta, osasun larrialdia kentzeko eskatu dio Sanchezi.

Urkulluk onartu du hauteskunde kanpaina «ohiz kanpokoa» izango dela, eta «inoiz izan gabeko baldintzetan» egingo dela. Estatuaren zerbitzu publikoen laguntza eskatu du lehendakariak. Horrez gain, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa biltzeko esan dio Sanchezi, EAEren «aurrekontuaren eta zor publikoaren egonkortasun helburuak berriz zehazteko».

Txibitek Nafarroa Suspertu 2020-2023 plana aipatu dio Sanchezi, eta esan dio ahalik eta azkarren argitu dezala zenbat diru egongo den horretan erabiltzeko. Horrez gain, asteazkenean EH Bilduk, PSOEk eta Podemosek sinaturiko itunean jasotako puntuetako bat aipatu du: erkidegoei eta udalei gehiago gastatzeko aukera ematea.

Autogintzaren alorra suspertzeko eskatu du, baita autoak erosteko pizgarriak emateko eta aldi baterako enplegu erregulazioaren mekanismoari eusteko ere, «alorreko enpresek aurreko ekoizpen maila berreskuratzerik izan dezaten».

Etxegintza aipatu du ondoren, eta etxebizitza publikoaren multzoa handitu behar dela esan du. Turismoa pizteko, berriz, «oporretarako leku seguruaren agiri» moduko bat eratzeko eskatu dio.

Nafarroaren osasungintzaren «egoera ona» nabarmendu du Txibitek.

Datorren ikasturterako neurriak hartzeko eskatu du, eta mugak zabaltzeko Nafarroaren eta Lapurdiren, eta Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren artean, merkataritzan eta abeltzaintzan aritzeko eta senideak ikusi ahal izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.