Gaur zortzi egingo du Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bilera, egonkortasunerako hitzarmenak egiteko asmoz. Ekonomia indarberritzeko eta enpregua sortzeko formulez hitz egingo dute Jaurlaritzak eginda daukan planaren gainean: zerga erreforma, iruzurraren aurkako estrategia eta sektore publikoaren berrantolaketa izango dituzte mintzagai nagusiak.
Informazioa emateaz gainera, egoera ekonomikoaren inguruko diagnosi bateratua lortu nahi du Jaurlaritzak, Josu Erkorekak aurreratu duenez. Atzo Jaurlaritzak eta diputazioek egindako bileran "partekatutako oinarriak" egon zirela eta, horiek alderdien eta gobernuaren arteko ulermena errazteko balio izatea espero du EAJk, "instituzioak ez daude eta alderdietatik kanpo". Diputazioena bigarren bilera izan zen atzokoa, eta lehenengoan EAJren eta EH BIlduren arteko hika-mika egon ostean, "aurrerapausoak" egon zirela esan zuen atzo EH Bilduk.
Jaurlaritzak oraindik ez die alderdiei lanerako txostenik eman, baina behar dituzten agiri guztiak haien esku jarriko dituztela azaldu du Erkorekak. Bilera Lehendakaritzan izango da, 17:30ean. Ez da argazkirik egongo "mesfidantzak uxatzeko", Iñigo Urkulluk esan duenez. Hain zuzen, diputatu nagusiekin egin zuen lehen bileran akordioak lortzera baino, argazki ateratzera joan zela leporatu zioten EH BIlduk, eta baita PSE-EEk ere.
PSE-EEk, berriz, "zail" ikusten du bilera horren "arrakasta", "sukalde lanik ez" delako egin aurretik. Erakundeen arteko akordioa Eusko Legebiltzarrera eramateko eta "diputazioen koordinatzaile soila" ez izateko eskatu dio Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari.
Alderdien mahaiak ekarriko duena ikusteko dago, baina Jaurlaritza estrategia aldatuz joan da aurrekontuekin atzera egin zuenetik. PSEri eta PPri egonkortasunerako akordioa egiteko proposamena egin zien lehenik, EH BIldu kanpoan utzita, baina Europako Batasuneko ordezkariekin bilera egin ostean, eta defizita malgutzeko aukeraren aurrean, alderdi guztiak deitu zituen mahaira.