politika

Urkulluk dio "euskal herritar batentzat ohorerik handiena lehendakari izan eta bere herria ordezkatzea" dela

EAJko buruak aitortu du "balore izugarria" ematen diola EBBn Jaurlaritzarako lehendakarigai proposamena aho batez hartu izanari. "Errespeturik handiena" erakutsiko dio alderdi barruko prozesuari.

2012ko maiatzaren 24a
12:39
Entzun

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak uste du "euskal herritar batentzat [Jaurlaritzako] lehendakari izan eta bere herria ordezkatzea ohorerik handiena" dela, eta esan du berak hala hartuko lukeela Jaurlaritzan ardura postu hori izango balu. "Bere herriarekin eta honen egoerarekin konprometitutako" lehendakaria litzatekeela iragarri du, gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan.

EBB Euzkadi Buru Batzarrak astelehenean jakinarazi zuen hura proposatuko duela Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko, erabakia aho batez hartuta. EAJk orain uztailararen 5era arteko barne prozesuari ekingo dio. Urkulluk esan du "errespeturik handiena" erakutsiko diola prozesu horri eta "balore izugarria" ematen diola EBBn lehendakarigai proposamena aho batez hartu izanari.

Hain zuzen, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko buru batzarretako lehendakariek —Xabier Agirre, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Manu Aierdi eta Txaro Goikoleak, hurrenez hurren—, Pilar Garcia de Salazar EBBko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea burukideak osatu dute horretarako batzordea.

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren, epeak betez gero 2013an garai bertsuan lirateke hurrengoak, baina baliteke aurtengo udazkenera aurreratzea bozak, PPk Jaurlaritzari babesa kendu egin baitio. Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia da lehendakaria 2009ko maiatzetik. EAJk irabazi zituen hauteskunde haiek, Juan Jose Ibarretxe zela lehendakarigai. Bost legebiltzarkideko eta 80.000 botoko aldea kendu zion bigarren indar PSEri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.