Politika

Urkulluk dio ez dutela galdeketa egingo Auzitegi Konstituzionalak galarazten badu

EAJko presidenteak jakinarazi du ez luketela "legediaren kontra" egingo, eta PSE-EEk, PPk eta ezker abertzaleak Jaurlaritzaren egitasmoa gerarazi egin nahi dutela uste du.

2008ko ekainaren 3a
13:47
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak gaur iragarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa galarazteko erabakia hartzen badu, kontsulta ez dutela egingo. Eusko Jaurlaritzak urriaren 25ean egin nahi du galdeketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lehengo astean aurkeztu zituen galderak. Ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrak balekoa eman beharko dio lege proposamenari.

"EAJk ez luke legediaren kontra egingo eta onartu egingo genuke Konstituzionalaren erabakia", adierazi du Urkulluk Catalunya Radion gaur. EAJko buruak, dena den, iritzi dio kontsulta "legezkoa" dela, eta Espainiako Konstituzioaren eta EAEko Estatutuaren barruan sartzen dela.

EAJ EHAKrekin hitz egiteko prest ez dagoela jakinarazi du Urkulluk, nahiz eta Jaurlaritzak alderdi haren babesa beharko duen lege proposamena aurrera ateratzeko. PSE-EEk, PPk eta ezker abertzaleak Jaurlaritzaren egitasmoa gerarazi egin nahi dutela uste du EAJko presidenteak.

Lopez: "Izugarria da Ibarretxek galdeketarako testua EHAK-k onartzeko egin izana"

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia berriz ere kritiko azaldu da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, "izugarria baita [Ibarretxek] galdeketarako testua EHAK-k onartzeko egin izana". PSE-EEk ekainaren 27ko osoko bilkuranlege proposamenaren kontra bozkatuko duela berretsi du Lopezek gaur, ETB2n egindako adierazpenetan.

Haren ustez, "Ibarretxe biktima paperean dabil, esanez bezala bera dela konponbidearen bila dabilen bakarra", eta jarrera hori deitoratu egin du. "Hark egin behar duen gauza bakarra, denon lehendakari izatea da, herria batzea eta euskal erkidegoaren gehiengoa ordezka dezakeen akordioa bilatzea".

Espainiako Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartuta, galdeketa galaraziko duela uste du Lopezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.