Urkulluk dio Jauregik "bere kabuz" hartu duela atzera egiteko erabakia

EAJren EBBko bozeramaileak ukatu egin du Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaitza uzteko "gomendatu" ziola alderdiaren zuzendaritzak, "baina jakitun zen hautagai izanda EAJ osoari eragiten dion beste eztabaida bat sor zezakeela". GBBk Markel Olano proposatu du hautagai; Joseba Egibarren ildokoa da.

2007ko martxoaren 3a
19:25
Entzun
Jon Jauregik uko egin dio Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai izateari eta EAJren zuzendaritzak haren "ahalegina" aitortu du. Hala esan du gaur Iñigo Urkullu EBBren bozeramaileak eta Jauregirengan "erabat konfiantzen" segitzen dutela.

Jauregik atzo iluntzean jakinarazi zion bere erabakia Gipuzkoako EAJren batzarrari, "gezurrez eta irainez betetako salaketak" deitoratu ondoren. GBBk Markel Olano proposatu du Gipuzkoako diputatugai nagusia izateko, eta hautagaia aukeratzeko presazko prozedura zabaldu du. Markel Olano EBBko kidea da gaur egun eta Joseba Egibarren ildokoa da.

Urkulluk ukatu egin du Jauregiri hautagaitza uzteko "gomendatu" zionik alderdiaren zuzendaritzak. "Bere kabuz hartu du erabakia, baina jakitun zen hautagai izanda EAJ osoari eragiten dion beste eztabaida bat sor zezakeela".

Hitz gogorrak izan zituen Jauregik bere ondasunei buruzko "gezurrak eta irainak" zabaldu dituztenentzat. Bere aurkako "erasoa" "etxe barruan" sortu zela ohartarazi zuen, fiskalak horixe bera frogatuko duela ziurtatu zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "zuzen-zuzenean" parte hartu duela salatu. Gipuzkoako EAJren atzoko batzarrean Diputazioko inork ez zuen parte hartu.

Ser irrati katearen informazio baten harira sortu zen Jon Jauregiren ondasunen inguruko iskanbila. Jauregik sei etxebizitza dituela eta etxeetako bi Ogasunari ez zizkiola aitortu esan zuen Ser irratiak. Etxebizitzei buruzko argibideak eman zituen Jauregik gero, Ogasuneko zenbait agiri erakutsiz, eta egun batzuetara EAJko Aberri Batzarrak babesa eman zion azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.