Zaldibarko luizia

Urkulluk dio Zaldibarko «istripua» gertatu zen unetik ari dela lanean Jaurlaritza

«Fisikoki ez nago, baina banago lanean», esan du lehendakariak. Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak adierazi du ez dagoela «inongo arriskurik» inguruko herrien ur horniduran.

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburua, eta Estefania Beltra de Heredia Segurtasunekoa, gaur, Zaldibarren. LUIS TEJDO / EFE
2020ko otsailaren 10a
17:12
Entzun

Iñigo Urkulluk Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko «istripuaz» ere hitz egin du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5era aurreratu dituela jakinarazteko agerraldian, kazetariek galdetuta, eta azaldu du ezbeharra gertatu zenetik bertatik ari dela bere gobernua lanean. «Lehen unetik dago krisi mahai bat, ostegun arratsaldetik bertatik. Berehala bildu nintzen [Jaurlaritzako] Segurtasun sailburuarekin». Kazetari batek esan dio oraindik ez dela joan Zaldibarrera. «Fisikoki ez nago, baina banago lanean, hasieratik», erantzun du lehendakariak.

Haren arabera, Jaurlaritzaren lehentasuna «segurtasuna» izan da lehen egun hauetan. «Orain kezkatzen gaituena bi pertsona desagertuak bilatzea da. Izango dugu denbora Zaldibarko istripu honi jarraipena egiteko».

Lehendakaritzak gaur arratsaldeko lehen orduan Urkulluren biharko jendaurreko agendaren berri eman du. Bihar ere ez da egongo Zaldibarren. Bi hitzordutan izango da: 11:30ean, Eusko Ikaskuntzaren arduradunak hartuko ditu Gasteizen, Lehendakaritzan, Bingen Zupiria Kultura sailburuarekin batera; eta  19:00etan, orduan ere Zupiriak lagunduta, Vicente Ameztoi artistaren Ameztoy erakusketaren inauguraziora joango da Bilbora, Arte Ederren Museora, eta ekitaldian hitzaldi bat egingo du.

Erakundeen arteko koordinazio bilera

Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegian istripua gertatu eta lau egunera erakundeen arteko «koordinazio bilera» batera deitu du Eusko Jaurlaritzak, «jardueren jarraipena egiteko». Lehendakaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartuko du bileran. Gaur izango da, 17:00etan, Lehendakaritzaren egoitzan.

Jaurlaritzatik bilerara deitu dituzte Iñaki Arriola (Ingurumen Lurralde Plangintza eta Etxebizitza), Nekane Murga (Osasuna), eta Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna) sailburuak; baita Jon Azkue (Lana eta Gizarte Segurantza), Elena Moreno (Ingurumena) eta Josu Zubiaga (Segutasuna) sailburuordeak ere.

Bizkaiko Diputazioko ordezkariak izango dira Unai Rementeria ahaldun nagusia, eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua. Zaldibarko (Jose Luis Maiztegi), Ermuko (Juan Carlos Abascal) eta Eibarko (Miguel de los Toyos) alkateek ere parte hartuko dute.

Neurketak, «positiboak»

Jaurlaritzako goi arduradunen isiltasuna hautsi dute gaur Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Estefania Sanz de Heredia Segurtasun sailaren buruak, Zaldibarko (Bizkaia) udaletxean. «Elkartasuna» adierazi diete zaborretan lurperaturik dauden bi langileen senideei.

Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) herritarrek kezka adierazi dute azken egunotan, zabortegiko amiantoa eta bestelako gai toxikoek eragin dezaketen kutsadurarengatik. Arriolak esan duenez, airearen kalitatea aztertzeko unitate ibiltari bat eraman dute hondamendi eremura. Sailburuak adierazi du orain arteko neurketak «positiboak» izan direla, eta erreketako urak ere aztertzen ari direla. «Ez da kutsadurarik antzeman», esan du.

Ingurumen arduradunak gaineratu du ez dagoela «inongo arriskurik» herriotako ur horniduran. «Datozen egunotan, erantzukizunari dagozkion kontu sakonagoak aztertu beharko ditugu: zer gertatu den, zergatik jausi den zabortegia, enpresari zigor espedientea zabaltzea, eta hari konponbideak exijitzea zorua egonkortzeko». Enpresaren aldetik erantzun azkarrik egon ezean, Jaurlaritzak hartuko ditu lanen ekimena. Arriolak gogoratu du zabortegia enpresa pribatu batena dela, eta hari dagokiola gertaturikoaren gaineko erantzukizuna.

Beltran de Herediak adierazi duenez, geologoek aholkatuta gelditu dituzte bilaketa lanak. Adituek adierazi dute zabortegian oraindik ere jausiak gerta daitezkeela. Galduak dauden bi langileak bilatzeko lanak gelditu egin dituzte gaur goizean, arriskuarengatik. Makinekin jarraitzeko aukera ematen duten beste gune bat aurkitu nahian dabiltza.

Urkulluren agerraldia eskatu dute

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri du bere taldeak Urkulluren berehalako agerraldia eskatuko duela. Jaurlaritzak «bere erantzukizunari muzin egin dio argiki, eta kalte handia eragin pertsonei, ingurumenari eta errepideei». Zaldibarko Udaleko zinegotzi Aitor Lopezekin agertu da Otero. Enpatia eta lidergorik eza egotzi dio Jaurlaritzari. «Ez da onargarria Urkulluk aurpegia ez ematea, ezkutatuta egotea eta argazki hau egin nahi ez izatea», esan du Oterok. Lehendakaria Legebiltzarreko osoko bilkuran agertzea eskatuko du EH Bilduk. «Errauste planta bat dugu aire librean, eta inongo iragazkirik gabe». Urkulluri galdetu nahi diote «hondamendi egoeran ote gauden».

Jaurlaritzak ez zuen neurririk hartu zabortegia kudeatzen duen enpresaren kontra, eta ez zuen neurririk hartu erreskatean aritu zirenean larrialdiko langileak babesteko, nahiz eta jakin amiantoa zegoela han, Oterok esan duenez.

PPk Arriola Legebiltzarrean agertzea eskatu du, azal dezan zergatik ez diren bete Zaldibarko zabortegiko baimen baldintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.