Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak gaur goizean Radio Euskadin emandako elkarrizketan adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "arduragabekeriaz" jokatu duela egoera ekonomikoaren aurrean, eta horren errua gobernuari egotzi dio: "Diru bilketan jaitsiera izan da, eta beherakada horren aurrean gobernuak ezer egin ez duelako heldu gara egoera honetara".
Atzo zerga sistemari buruz Eusko Legebiltzarrean izan zuten eztabaidan EAJren asmoa "hitz egiteko prestasuna" agertzea izan zela berretsi du Urkulluk. "Hainbat ekimen ere aurkeztu genituen, tartean arlo fiskalean autogobernua hobetzea eta zabaltzea", esan du.
Bilera horretan Jaurlaritzak azaldu zuen zergak igo behar direla, 2013ko kontuak orekatzeko. Jaurlaritzaren eskaerei bizkarra eman, eta oraingo zerga ereduaren aldeko ebazpen sorta bat aurrera atera zuten EAJk eta PPk.
Urkullu, lehendakarigai izateko proposatua
EBB Euzkadi Buru Batzarrak Urkullu proposatu du EAJko lehendakarigai. Datozen egunetan erabakia berretsiko dute alderdiko afiliatuek, eta zerrendetako hautagaiak aukeratuko dituzte. "Proposamenaren inguruan nire gogoetak egin nituen, nire balioa aztertu nuen hautagai izan zitezkeen besteekin alderatuz, baina nire konpromisoarekiko zalantzarik ez dut inoiz izan", adierazi du.
EAJk 2008tik "modernizazio prozesu bat" garatu duela uste du Urkulluk, sorrerako oinarriak albora utzi gabe: "nazionalismoa, abertzaletasuna eta kohesio soziala".
Lopez: "Urkulluk Euskadiren irudia belztu du"
Lopez lehendakariak "Euskadiren irudia belztea" leporatu dio gaur Urkulluri. Haren iritziz, gobernuaren aurkako "eraistearen kritika" egin du, "Euskadiren izen onari min egitea axola izan gabe".
Haren arabera, Urkulluren alderdiaren planteamendua "katastrofismoarena" eta "ezetzarena" izan da.