"Ehun egun bakardadean". Horrela deskribatu du EH Bilduk Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aurreneko ehun egunen jarduna. Laura Mintegi eta Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideek agerraldi bat egin dute gaur goizean, gobernuaren lehen ehun egunen gaineko balorazioa egiteko; Urkulluri leporatu diote soilik "atxikimenduak" bilatzea, "ez elkarrizketa".
Mintegiren esanetan, Urkulluk "batuketa aritmetikoak" bilatu ditu ehun egunotan. Koalizioak Jaurlaritzari elkarrizketa proposatu dion bi adibide aipatu ditu Mintegik: "Aurrekontuak eta EITBko zuzendaritza". Areago, EH Bilduko legebiltzarkideek kritikatu dute "geometria aldakorrak" Urkullu "PPren eta UPDren besoetara" baino ez daramala.