Urkulluk esan du oraindik ezin direla arindu izurriari aurre egiteko neurriak

Jakinarazi du Labi kontseiluaren laguntza batzordea bilera batera deituko duela bihar, eta bertan esaten direnak aintzat hartuko direla hemendik aurrerako neurriak ebazteko

arantxa iraola
2021eko apirilaren 12a
10:25
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan pandemia kontrolatua izateko neurriak ebazten dituen Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluaren laguntza batzordeak bihar bilera bat egingo duela esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, eta han entzundakoak oinarri izango direla hemendik aurrerako neurriak ebazteko. Argi utzi du, hala ere, egoera epidemiologikoak ez duela erarik ematen oraindik neurriak arintzeko: «Inondik inora ere ez». Radio Euskadi irratian emandako elkarrizketa batean solastatu da Urkullu.

Labik Aste Santuaren aurretik eman zituen azken irizpideak, eta orduan ebatzi zen, besteak beste, 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia gainditzen duten eremuetan neurriak gogortzea; hain justu, itxiera perimetrala ezartzen da toki horietan, eta, lehengoaz gain, oraindik ere mugatuagoa dute, adibidez, ostatuek jarduna: terrazetako jarduna lehenetsi behar dute, eta barruko aldeak 06:30-09:30 eta 13:30-16:30 tarteetan  bakarrik erabil ditzakete. Esan zuten astelehenetan berrituko zutela, intzidentzia datuei begiratuta, murrizketa horiek bete behar dituzten tokien zerrenda; beraz, gaur espero da berrikusketa.

Lehendik usu errepikatutako mezua gogoratu du gaur berriro Urkulluk; egun indarrean dauden murrizketak bete egin behar direla esan du, eta herritar guztien artean jokabide hori gailentzen bada ez dela beharko neurri zorrotzagorik. Hori bai, alarma egoera amaitzen denean zer-nolako estrategia hautatu beharko den aztertzen joatea garrantzitsua dela gogoratu du. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi izan ditu Jaurlaritzak indarrean jarritako hainbat neurri, eta izurriari aurre egiten jarraitzeko «eskuduntzak» nola bermatu aztertu behar dela adierazi du. Lehengo astean, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek esan zuen alarma egoera maiatzaren 9an bertan behera uztea dela asmoa, eta, horren harira, egoera berri horretarako prestatu beharko dute instituzioek.

Uda nolakoa izango den ere iragarri du Urkulluk. Txertaketan aurrera egin ahala egoerak hobera egingo duela gogoratu du, baina oraindik «osasun larrialdia» indarrean egongo dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.