New Yorkeko euskal etxearen mendeurreneko ospakizunean izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bertan eginiko hitzaldian, atzerrian dauden euskal herritarren garrantzia nabarmendu du "etorkizun komuna eta hobea eraikitzeko" eta Jaurlaritzaren nazioartekotze estrategian.
Urkulluk gogora ekarri du 1892 eta 1954 artean "milaka euskal herritar Ameriketako Estatu Batuetan sartu" zirela eta bertan "babestuta" sentitu zirela. Halaber, gogoan izan du duela ehun urte "euskal herritar talde batek elkar laguntzeko elkartea" sortu izana. Elkarte hura izan zen egungo Euzko Etxearen sorburua.
"Euskal garra" piztuta mantentzeagatik eskerrak eman dizkio Urkulluk euskal diasporari, eta gaineratu du haiei egin dakiekeen "omenaldirik onena aukera berri eta oparoak sortzen dituzten loturak ugaritzea" dela.