Autogobernuan sakontzeko eta aurrera egiteko zailtasunak nabarmendu zituzten Artur Mas Kataluniako presidenteak eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, atzo, Gasteizen egin zuten bilera batean. Izan ere, Espainiako Gobernuak ezarritako "birzentralizatzea" oztopotzat jo baitzuten bi buruzagiek horretarako.
Ajuria Enean elkartu ziren Urkullu eta Mas, aldiro-aldiro egin nahi duten elkarrizketa horietako batean. Harreman ildo horren helburua "Euskadi eta Kataluniaren berezko errealitateen ezagutzan sakontzea" da, Eusko Jaurlaitzak ohar batean jakinarazi duenez.
Europan zabaltzen ari den egoera berriak bi herrialdeei ekartzen dizkien aukerez ere jardun ziren bi buruzagiak. Hain zuzen ere, herrialde lehiakorrak izatea da bi gobernuen asmoa, eta gizarte kohesio ahalik eta sendoena lortzea.