Urkulluk gutun bat idatzi dio Sanchezi, alarma egoera luzatzeko eskatuz

Gogorarazi dio luzatzen ez bada ez dutela izango «berme juridikorik» izurria kontrolatzeko murrizketak ezartzeko

arantxa iraola
2021eko apirilaren 23a
11:00
Entzun

Maiatzaren 9an bukatzen da Espainiako Gobernuak izurria kontrolatze aldera neurriak hartzeko ezarritako alarma egoera, eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi bidalitako gutun baten bidez luzatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Lehendik ere Jaurlaritzako beste hainbat buruzagirekin batera adierazia zuen mezu hori bera, eta eskabide ofiziala egin nahi izan du orain Urkulluk eskutitz horren bidez. Adierazi dio Espainiako Gobernuko presidenteari gainerakoan gobernu autonomikoek ez dutela izango «berme juridikorik» izurriaren kontrolerako beharrezkoak diren murrizketak ezartzeko.

Lehendakaritzako informazio iturriek azaldu dutenez, Urkulluk gutunari erantsi dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako murrizketak ebazten dituen batzordeko adituek atzo onartutako ebazpena; bertan jartzen du ez dela "egokia" alarma egoera bertan behera uztea, «eraginkorrak» diren hainbat neurri ezartzeko erarik gabe geratuko baitira erakundeak.

Atzo bide eman zioten Eusko Legebiltzarrean izurriaren aurkako legea tramitatzeari. EAJ eta PSE-EE ari dira lege hori sustatzen; oposizioa aurka dago. Premiazko bidetik tramitatuko dute legea, eta, beraz, ohiko prozedurarako ezarritako epeak erdira murriztuko dira. Parlamentuko bilkuraldia amaitu baino lehen legea onartzea nahi dute, ekainean. Bitartean, ordea, maiatzaren 9an alarma egoera bertan behera geratzen bada, hainbat astetan neurriak ezartzeko muga handiak egon daitezkeela esaten ari dira Eusko Jaurlaritzako buruzagiak.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek, bestalde, esan du oraindik «egun asko geratzen» direla maiatzaren 9rako eta hortik aurrera hartu beharko diren neurriak aurreratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.