Arabako Errioxa aukeratu zuen atzo EAJk hauteskunde kanpainako lehen ekitaldia egiteko. Oionen izan ziren iluntzean Iñigo Urkullu EBBko presidentea, Iñaki Gerenabarrena Araba Buru Batzarreko burua eta Emilio Olabarria eta Claudio Rodriguez Arabako hautagaiak. EAJk Espainiako Gorteetan egin duen eta egingo duen lanaren berri ematera joan ziren Oionera jeltzaleak, Urkulluk berak azaldu zuenez.
EAJren helburuen artean 2015ean estatus politiko berria onartzea dagoela esan zuen Urkulluk, «urtetako gatazka politikoa gainditzeko». Alderdiek adostutako, herritarrek berretsitako eta Espainiako Gorteetan aurkeztutako estatus politikoa bultzatuko dutela hitz eman zuen.
Datozen lau urteetako erronka nagusienetakoa izango da estatus politiko berria lortzea, Urkulluren arabera. «Ez da liskarretarako garaia, akordioak lortu behar ditugu, eta lortuko ditugu. Denon artean etorkizuna eraiki behar dugu», adierazi zien EAJko presidenteak Oiongo zinemetara joandako herritarrei. EAJ Euskal Herriko oraingo «garai historikoaren mailan» egongo dela esan zien.
EAJko buruak gogorarazi zuen hauteskunde kanpainaren lehen egunean CIS inkestaren emaitzak argitaratu direla. Eta erabat kritiko agertu zen inkesta horrekin, «manipulazioa» delako. Espainian dagoen «bipartidismoaren» errua da inkesta hori, Urkulluren arabera. «EAJk eutsi egingo dio Kongresuan duen ordezkritzari», ziurtatu zuen jarraian.
Hori horrela, PSOEren eta PPren «estrategia» apurtzeko deia egin zien Urkulluk EAJren militante eta boto-emaile guztiei. «Kanpoan utzi nahi gaituzte, baina inoiz baino indar handiagoarekin haziko gara. Gure esku dago», azpimarratu zuen.
EAJren eredua
PSE-EEk etaPPk EAEn duten ituna gogor kritikatu zuen EAJko buruak, halaber. «Maldan behera jarri dute Euskadi». Haren hitzetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera ekonomikoa «larria» da, langabeziak gora egin du, eta Eusko Jaurlaritzak zorra eta defizita handitu egin ditu. PSE-EE eta PPren itunari esker «okerrera» egin du erkidegoaren egoerak, Urkulluk kritikatu zuenez. Baina gaineratu zuen EAJren «ereduarekin» egoera alda daitekeela. «Europara begiratzen duen eredua proposatzen dugu, hazkunde, garapen eta ongizatearen eredua». EAJ «alternatiba» bakarra da, «funtzionatzen» duen eredu bakarra duelako, haren esanetan.
Olabarriak ere bide beretik jo zuen: «EAJ Arabaren eta Euskadiren ahots bakarra izango da Madrilen». Azken legealdian EAJk Gorteetan lortutakoaren balantzea egin zuen Kongresurako hautagaiak: «1.652 milioi euro ekarri ditugu Euskadira, hau da, egun bakoitzeko milioi bat euro». Olabarriarentzat «inbertsio ezin hobea» da EAJri botoa ematea.
Rodriguezek ere ideia bera berretsi zuen: «EAJri emandako boto bakoitza Euskadirentzat da».
Azpiegiturak
Goizean, Josu Erkoreka Bizkaiko Kongresurako zerrendaburua Barakaldon izan zen, Burtzeña auzoan. Azpiegiturak eta herrialdearen oreka lortzeko EAJk Madrilenegiten duen lana ezinbestekoa dela adierazi zuen: «Espainiako Gobernuak Espainian dituen azpiegitura lan handiak geldituta daude krisiagatik, baina Euskadin guk lortu dugu abiadura handiko trena egiteko lanak ez gelditzea». Gaineratu zuen Madrilen egindako kudeaketa eta negoziazioei esker hemen makinak lanean ari direla eta enplegua sortzen dela.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Urkulluk hitz eman du EAJk estatus berria onartzeko lan egingo duela
EAJk «hazkundea, garapena eta ongizatearen eredua» duela esan du Iñigo Urkulluk Oionen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu