Eusko Jaurlaritza

Urkulluk nahi du Europak kontuan hartzea estaturik gabeko nazioen erabakimena

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Europako Batasuneko 25 enbaxadorekin bildu da Madrilen. EAEko egoera politikoa eta ekonomikoa izan du hizpide.

Iñigo Urkullu lehendakaria Europako Batasuneko enbaxadoreekin, Madrilen. IREKIA
Berria
2018ko urtarrilaren 10a
16:34
Entzun

“Identitate desberdinen arteko adostasunean eta bizikidetzan” eta “elkarrenganako errespetuan eta aitortzan” oinarritzen den “autogobernuaren” alde egin du Urkulluk. Horren “adibide” jarri du EAEko Kontzertu Ekonomikoa: “euskal autogobernuaren giltzarria”, lehendakariaren hitzetan. Akordio hori eremu politikora eraman daitekeela azpimarratu du.

Urkulluk uste du Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren “gehiengoaren borondatea” aintzat hartu beharko lukeela Espainiako Estatuak eta “etapa berri bat” ireki, “elkarrizketan eta akordioan oinarrituta” horri irtenbide bat emateko.

Lehendakariak esan du legezko bideak egokitu behar direla, “beren herritarrei etorkizunari buruzko kontsulta egin nahi dieten” erakundeek aukera izan dezaten hori egiteko. Horretan Europako Batasunak bere ekarpena egin dezakeela uste du; “argitasun-zuzentarau” baten bidez, Kanadak Quebecen kasuan egin zuen moduan.

Urkulluk, halaber, jakinarazi du Jean Claude Juncker Europako Batasuneko presidenteari txosten bat bidaliko diola “EBren etorkizunari buruzko euskal ikuspegia jasoko duena”. Europako Batasunaren “sortze-balioak berreskuratzeko” beharra galdegin du lehendakariak.

Urkulluren iritziz, Europako herrien artean gero eta Batasun estuago izateko, beharrezkoa da Europako erakundeetan kontuan hartzea “estaturik gabeko errealitate nazionalen” erabaki instituzionalak. “Hori da gure proiektuaren helmuga”, esan du.

Autogobernuarekin loturiko gaiez gain, EAEko egoera ekonomikoaz ere mintzatu da Urkullu. Azpimarratu du bere gobernuak “giza garapena eta kohesioa bermatzea” duela lehentasun. Eta enpresen lehiakortasunean egin asmo dituen inbertsioak azaldu ditu.

Bilera enbaxadore italiarrak Madrilen duen egoitzan izan da, eta lehendakariarekin batera, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria izan dira. Jaurlaritzako lehendakariak Europako kidego diplomatikoarekin izan duen laugarren bilera izan da: lehenengoa, 2013ko urtarrilean (Madril) izan zen; bigarrena, 2014ko ekainean (Madril); eta, hirugarrena, Donostiako Miramar Jauregian, 2016an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.