Bi ordu eta erdiko bilera bat egin dute gaur, Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, Moncloan PPren ordez PSOE jarrita Espainiako Estatuan sortu den testuinguru politiko berria aztertzeko, eta EAJk ohar baten bidez jakinarazi du unea "baliatu" nahi dutela hirurek, "autogobernua zabaltzera eta Euskadin elkarbizitza behin betiko finkatzera begira".
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta Urkulluk joan den astelehenean Moncloan egindako bilera aztertu, eta ontzat jo dituzte han agertutako "borondatea" eta lortutako "akordioak". "Gobernu bien arteko harreman instituzional normalizatua lortzeko urrats handia da", esan du EAJk. Hiru agintariak eta EAJ eta PSE prest azaldu dira "lan dinamika egonkorrak eta eraikitzaileak ahalbidetzeko eta bermatzeko".
Autogobernuaren atalean, Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak garrantzitsutzat jo dituzte garapen ekonomikoa, "kalitatezko" enplegua, bizikidetzaren aldeko neurriak, zerbitzu publikoen defentsa... "Gobernu akordioaren helburuen artean dago Gernikako Estatutuan bete gabe geratu diren transferentzia guztiak egitea eta gobernu bien arteko akordioak bilatzea, gaur egun ematen ari den litigiositatea murrizteko".
Euskal presoen hurbilketarako, graduen progresiorako eta "gizarteratzerako" Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak hartu-emana izatea ziurtatu izana ere azpimarratu dute. "Azken finean, espetxe politika elkarbizitzaren alde egiteko beste elementu bat izatea bultzatuko dute, legediak ezarritakoa errespetatuz eta laguntza eta babes neurriekin ibilbide pertsonal hauek eman daitezen ahalbidetuz, besteak beste hurbiltzea bera eta gradu progresioa".
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak esan du Frantziako Gobernuak aurki euskal preso gehiago hurbilduko dituela espero duela. Otsailetik hamalau hurbildu ditu. "Nire ustez, Frantziako Gobernua jarraitzen ari den bideak espetxe politikaren kudeaketa desberdin baterako aukera ezartzen du, legedian, kontsentsuan eta gardentasunean oinarrituta", adierazi du Fernandezek Europa Pressen. "Eredu ona" dela iruditzen zaio Espainiako Gobernuak jarraitzeko.