Urkulluk Pablo Iglesias hartu du gaur

Bien arteko lehen bilera izan da; Lehendakaritzan egin dute, giro adeitsuan. Podemoseko kideek jakinarazi dute, besteak beste, Espainiako aurrekontuen inguruan arituko direla. EH Bilduk EAJren "hoztasuna" kritikatu du, aurrekontuak adosteko egindako proposamenaren harira.

Iglesias, Oriol Junqueras ERCko buruagiari espetxera egindako bisitan. EFE.
2018ko urriaren 22a
07:58
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakaria Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasekin bildu da gaur, Lehendakaritzan. Podemoseko kideek jakinarazi dutenez, "denbora" zen Iglesias Urkullurekin batu nahian zebilela; Jaurlaritzak azaldu du hiru hilabete behintzat badaramatzatela "harremanetan".

Podemoseko kideek jakinarazi dute Espainiako aurrekontuen gaia hizpide izan dela. Iglesiasen alderdiak lortu du akordio bat Pedro Sanchezen gobernuarekin, baina ez dituzte nahikoa boto aurrekontuak onartzeko. Boz beharrean dira; besteak beste, EAJrenak nahiko lituzkete.

Iglesias Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuekin bildu zen, joan den ostiralean, Lledonerseko espetxean. Bilkura horretan Oroil Junqueras ERCko presidenteak adierazi zion alderdi errepublikarrak ez dituela Espainiako aurrekontuak negoziatuko, aldez aurretik Espainiako Gobernuak espetxean eta erbestean diren buruzagi independentistei begirako keinurik egiten ez badu. Iglesiasek Carles Puidemont Kataluniako presidente ohiarekin ere hitz egin du. Atzo arratsaldean solastatu ziren, telefonoz.

EH Bildu, bileraren zain

EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak ere hitz egin du bileraren inguruan. Haren ustez, Urkulluk babesa adieraz diezaieke Espainiako aurrekontuei, baldin eta Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemosek jeltzaleen aurrekontuak babesten baditu. SER irratian egindako adierazpenetan, Casanovak azaldu du bilera bana eskatu zietela EAJri eta PSEri: "PSErekin egin genuen, baina EAJren erantzunaren zain gaude oraindik".

Proposamen zehatza ere egin zieten EH Bildukoek jeltzaleei, enpleguaren eta pentsioen inguruan. Casanovak kritiko adierazi duenez, "hoztasunez" hartu dute eskaintza EAJkoek.

Espainiako Gobernuaren bozeramaile Isabel Zelaa, berriz, Donostian izan da gaur, PSEren ekitaldi batean. Ziurtatu du aurrekontuak aurrera aterako dituztela, "eskuinak eta independentistek traba ugari jarri arren".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.