18:30etik aurrera, Lehendakaritzan 150 bat euskal herritarrekin bildu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, gobernua eratu zela ehun egun bete direnean. Jaurlaritzako sailburuek ere ekitaldian parte hartu dute.
Hasteko, lehen ehun egunen laburpen bat egin du Urkulluk. "60 bilera egin ditut erakundeekin", esan du. "Nik egin dudanaz gain, sailburuek ere euren zereginak izan dituzte".
"Momentu zail baten aurrean gaude, mundu guztiak onartzen du", gaineratu du. Horregatik, lehen neurri gisa, "gobernu murriztua" eratzeko erabakia hartu zutela esan du. Aurrekontu proiektuaz adierazi du Jaurlaritzak egindakoa "aurrekontu soziala" dela. Gainera, "denbora errekorrean" egin dute proiektua, Urkulluk nabarmendu duenez.
Urkulluren arabera, edonola ere "ekonomia berpiztu" egin behar da. Horrekin, diru sarrerak helduko direla uste du. Enplegurako plana aipatu du Jaurlaritzak hartutako neurrien artean. Industrializazioa, inbertsioa, berrikuntza eta nazioartekotzea beharrezkotzat jo ditu. Bideo bat jarri dute ondoren, ehun egunen laburpen gisa.
Irekia atariaren bitartez izan dute herritarrek bileran parte hartzeko aukera.