Urkulluk «tentsioa mantentzeko» eskatu die herritarrei

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun bat argitaratu du, eta aurtengo egoera iazko udaren antzekoa dela nabarmendu: «Une hartan uste genuen, oker uste ere, egoera kontrolpean eta gaindituta genuela. Eta, halere, zain genuen bigarren olatua».

Urkullu lehendakaria, agerraldi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 4a
21:32
Entzun

Eldiario.es gunean idatzitako gutun baten bidez, herritarrei «beste ahalegin bat» egiteko eskatu die Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, «pandemiaren amaiera izan behar duen txanpan».

Kutsatzeak saihesteko, «tentsioa mantentzeko» eskatu du Urkulluk. Ohartarazi duenez, «zentzu batean iazko udakoa gogora ekartzen duen egoeran gaude».

Horretarako, bizikideak ez diren pertsonekin harremanetan jartzea saihesteko esan du lehendakariak, tartea zaintzeko eta ez egoteko aireztapen gutxiko lekuetan.

Gogoratu duenez, iazko ekainean eta uztailean intzidentziak tasak minimora jaitsi ziren. «Une hartan uste genuen, oker uste ere, egoera kontrolpean eta gaindituta genuela. Eta, halere, zain genuen bigarren olatua, abuztuaren 17an Euskadin osasun larrialdia berriz deklaratzera behartu gintuena».

Edonola ere, txertaketa prozesuan itxaropena dauka Urkulluk. Baina gogoratu du eraginkorra izateko planeta osoan egin behar dela. Beraz, bitartean sortzen ari diren birusaren aldaeren aurrean, «ez dugu erlaxatu behar».

Gazteei adierazi die Urkulluk datuen arabera, kasuen %85 39 urtetik beherakoen artean atzematen ari dira. «Aukera eraginkorra, tentsioa mantentzea da, atzera pausorik saihesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.