Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Urkulluk uste du alderdi guztiek bat egin dutela EAJren aurka egiteko

Buruzagi jeltzaleak dio EAJren ereduak «bakarrik» ziurta dezakeela «Euskadiren etorkizuna»

Joseba Egibar, Inaxio Oliveri eta Iñigo Urkullu, atzo, Irunen EAJk egin zuen ekitaldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Irun
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen ustez, PSOE eta PPren «bipartidismoak» eta ezker abertzaleak «estrategia bera» partekatzen dute hauteskunde hauetan; haien «arerio nagusia» Euzko Alderdi Jeltzalea dela ohartarazi du, eta herritarrei dei egin die EAJren aldeko boto ematera,«Euskadiren etorkizuna ziurta dezakeen bakarra EAJ delako». «Adi egon behar dugu. Bipartidismoak eta ezker abertzaleak pintza egin nahi diote EAJri», salatu du Urkulluk. Horren aurrean, EAJren «aliatu bakarrak» euskal herritarrak eta «Euskadiren etorkizuna» izango direla nabarmendu du. «Euskadi blindatu behar dugu PSEren eta Bilduren inakzioaren aurrean».

Irunen eginiko mitin batean esan ditu hitzok buruzagi jeltzaleak. 80 pertsonentzako egokitutako Amaia antzokiko aretoa txiki geratu zen atzo. Han izan ziren, besteak beste, Irungo zinegotzi Xabier Iridoi, Hondarribiko alkate Aitor Kerejeta, Eneko Goia Donostiako hautetsia eta Bidasoaldeko hainbat militante. Entzuleen artean ere egon zen beste alderdiko kiderik: Hamaikabateko eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi Inaxio Oliveri , esaterako.

Urkulluren hitzaldiaren ardatz nagusia kudeaketa izan zen. PP, PSOE eta ezker abertzaleari (ez zuen Amaiurren izena ia aipatu) leporatu zien krisialdi ekonomikoari erantzuteko «gaitasun eza»: PSOEk eta PPk Euskal Herrian «Espainiako eredua» ezarri nahi dutela salatu zuen, eta, ezker abertzaleak «beste munduko eredu bat» duela adierazi zuen. «Porrot egin duten errealitateetatik hartutako eredua, hain zuzen ere». Asteotako euriteek Gipuzkoan eragin dituzten kalteak izan zituen gogoan Urkulluk Bilduren eskuetan dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiaren «ezina» irudikatzeko. «Ezker abertzaleari gaina hartu dio kudeaketa lanak; ito dira, eta ez dira kezkatzen», salatu zuen.

Gertakari horretatik abiatuta, EAJk Hego Euskal Herriarentzako zer eredu duen azaldu zuen. «Hazkunde ekonomikoa eta herritarren ongizatea uztartu: hori da gure eredua, eta urte hauetan guztietan erakutsi dugu gu garela hori ziurta dezakegun bakarrak. Duela 34 urte bakarrik utzi gintuzten Madrilen, eta bide horretan aurrera egitea lortudugu», esan zuen Urkulluk ezker abertzaleari erreferentzia eginez.

«Kontuak argitu»

Buruzagi jeltzaleak kritika gogorrak izan zituen sektore politiko horrentzako. Azken egunetan Euskal Herriko kaleetan agertu diren «KASen sinbologia duten irudiak» eta «abstentziorako deia egiten duten pintaketak» ezker abertzalearen aldetik azalpen bat behar dutela esan zuen. «Kontu hau argitu behar dute. Bada garaia beren benetako asmoak zeintzuk diren argitzeko».

Gara egunkariak ETAri eginiko elkarrizketa ere izan zuen hizpide. Elkarrizketa «aberrazio etiko eta demokratiko bat» dela adierazi zuen, eta hauteskunde kanpainako testuinguruan kokatu zuen. «Eta guztiok dakigu politikoki zeinen aurka zuzenduta dagoen agerraldi hori».

Agerraldiaren azken zatia 2015erako EAJk lortu nahi duen estatus politiko berriari egin zion aipamena Urkulluk, ohartarazteko, bai PSOEk bai PPk «zentralizazio prozesu bat» martxan jarri nahi dutela. «Guk traje berria nahi dugu, XXI. mendera egokitutakoa».

Goizean eginiko ekitaldi batean, berriz, Emilio Olabarria Espainiako Kongresurako Arabako EAJren zerrendaburuak ere berretsi egin zuen jeltzaleen helburu nagusia izango dela «Euskadirentzako estatus politiko berri bat lortzea».Gasteizen eginiko ekitaldi batean Olabarriak nabarmendu zuen EAJren aldarrikapen historikoa dela erabakitzeko eskubidea, eta hala izaten jarraituko duela aurrerantzean ere. Hautagai jeltzalearen hitzetan, EAJk erabakitzeko eskubidea baliatu nahi du «harreman berri bat ezartzeko Euskadi eta Espainiaren artean» .

Gernikako Estatutua «amortizatuta» dagoela adierazi zuen Olabarriak, eta Kontzertu Ekonomikoa defenditu zuen: «Horrek ahalbidetu du Euskadik Espainiako beste erkidegoek baino egoera ekonomiko hobea izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.