Donostian izan da gaur Iñigo Urkullu EAJren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia, eta, batez ere, EH Bildu izan du kriktiken jomugan –koalizioak Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala gobernatzen ditu, besteak beste—. Haren arabera, "Euskadik eta Gipuzkoak gobernatzen dituen gobernuak behar ditu, eta ez greba eta pankartetara batzen diren kudeatzaileak, kudeaketaren ardura beste batzuek izango balute bezala". Erantsi du "tik totalitarioekin" ezin dela "gaitasunik eza ezkutatu".
"Amnesia selektiborik" ez izateko esan dio EH Bilduri, "erraza baita leloekin, ikurrinak lepoan dituzula edota Gora Euskadi oihuka bizitzea abertzaletasunean txapeldun sentitzeko eta iraganaz eta egindako min guztiaz ahazteko".
Gobernatzeko moduari buruzko jardunaldietan parte hartu du EAJren lehendakarigaiak. Bakartxo Tejeria EAJren Eusko Legebiltzarrerako presidentegaiak ere hitz egin du.
EAEk "zorroztasun ekonomikoa, defizitaren kontrola eta aurrekontu diziplina" dituen Jaurlaritza behar duela azpimarratu du Urkulluk, azken batean enplegua sustatzeko. PSE-EEk eta PPk bestelakoa egin dutela salatu du, "baina arazoa areagotu egiten da, EH Bilduk eredu bera hartu duelako".