Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta Jaurlaritzarako lehendakarigaiaren arabera, "herri honek" bakea izatea eta "ekonomia piztea" lortzen badu "etorkizun ezin hobea" izango du. Akordio zabalak lortu beharko direla pentsatzen du.
Urkulluk dio gaur egun euskal politikan arazoa ez dela "terrorismoa", eta bakea eta "haren ondorioak" jorratu behar direla: "Biktimak, normalizazio politikoa —ezker abertzalearen parte hartzea hauteskundeetan eta erakundeetan—, bizikidetzaren normalizazioa, gizarteratzea eta presoak".
Ekonomiari buelta emateko, berriz, EAJko buruzagiak garrantzitsutzat du nazioartean lan handiagoa egitea. Hala, "saltzeko", Euskadi-Basque Country markaren aldeko apustua egiten du. "Beste pauso bat eman behar da".
Horretarako guztirako gai nagusietan akordioak beharrezko direla iritzi dio, eta baikor azaldu da. "Ezker abertzaleak, PPk eta EAJk erantzukizun instituzional handiak dauzkate. Itunen eta besteen laguntzaren beharra izango dugu. Duela hilabete batzuk pentsaezina zen jokoa eskainiko digu aliantzak izateko aukera horrek".
Política exterior aldizkarian datoz Urkulluren adierazpenak, haren artikulu batean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino lehen idatzitako testua da.