Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak dio "benetan aste erabakigarria" dela hau, igandean "jokoan" izango delako "Euskadin krisitik irteteko modua". EAJren lehentasuna ekonomia dela gogoratu du, "krisi egoera honetatik irteteko. Gobernu on batekin, Euskadi ondo kudeatzeko", eta uste du PPk eta EH Bilduk ez dutela krisiaz hitz egin nahi.
"PPk asko du ezkutatzeko. Ez daki krisiari nola aurre egin, eta murrizketen errezeta baino ez du aplikatzen", esan du Urkulluk, eta gaineratu du PPk hori guztia estaltzeko-edo "independentzia mehatxu gisa" erabiltzen duela. "Bilduk asko du ezkutatzeko", adierazi du, halaber, "haren eredu sozialak ez baitu krisitik ateratzea bermatzen eta haren kudeaketaren balantzea ezereza baita". Koalizioaren “ke gortina independentzia agintzea da", jeltzaleen hautagaiaren esanetan.
Aste honetan ere EAJren zeregin nagusia bere egitasmo ekonomikoa aurkeztea izango dela adierazi du Urkulluk. "Hau da, azaltzea lehentasuna krisitik irtetea, ekonomia berrabiatzea eta enplegua sortzea dela". Baikor azaldu da jasoko duten babesaz: "Euskal hiritarren gehiengoa da EAJ krisi honetatik irteteko alternatibarik onena dela sinesten duena".
Euskal enpresei —bereziki, txiki eta ertainei— "laguntasuna" eskainiko dietela agindu du.