Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria elkarrizketatu du Europa Press berri agentziak, eta, bertan, ETAren armagabetzeaz jardun du, besteak beste. Esan duenez, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen aurrean ETAk lehen armak zigilatu ostean, Urkulluk "hartu beharreko arrisku guztiak" hartu zituen, uste baitzuen horren ostean "ETAk agiri argi bat" plazaratuko zuela: "Ez da nik uste nuena, konpromiso bat zegoen. ETAren aldetik ez da konpromiso hori bete".
Urkulluk azaldu du "oso argi" duela jarraitu beharreko bidea "erabat eta modu egiaztagarrian armagabetzea" eta "eragindako oinaze bidegabearen aitortza" dela, espetxe politikan eta "elkarbizitza politiko normalizatu" baten alde eman beharreko pausoez gain.
Martin McGuinness eta Jonathan Powell nazioarteko bitartekarien bisita ere izan du hizpide. Urkulluren ustez, "agerikoa" zen horien bisitak "ezker abertzalearen estrategiari" erantzuten ziola, eta argudiatu du ez duela "jokoa" egin nahi izan: "Ezker abertzaleak ikutzen duen guztia erretzen du, eta, oraingoan, nazioarteko eragile deiturikoen irudia erre du". Nolanahi ere, gaineratu du ez duela auzitan jartzen Powellen eta McGuinnessen "asmo ona".
Arraizek, zalantzarik ez
Urkulluri erantzun dio Hasier Arraiz Sortuko presidenteak. Esan du ez duela zalantzarik ETAk konpromiso hori beteko duela, baina zehaztu du ezin direla gutxietsi horretarako dauden "zailtasunak". Horiek "ulertu" eta "ekarpen positiboak" egin beharko lituzkeela ihardetsi dio Arraizek Urkulluri".
Ezker abertzaleak "ukitzen duen guztia erre" egiten duela ere esan du Urkulluk. Horren harira, Arraizek adierazi du zenbait ordezkari politiko ez direla "heldutasun politikoa eta ardura" erakusten ari.