Gaur zortzi iragarri zuten PSEk eta EAJk hiru ardatz horien inguruko akordioa erdietsi zutela. Negoziazioetan zerga sistemaren erreformak lehentasuna izan du. Zenbaki orokorrak aurreratu dituzte bi alderdiek. Moldaketaren bidez, zerga bilketa urtean 500 milioi euro handitu nahi dute. Aurten espero den bilketarekin alderatuta, %4 handitzea eragingo luke erreformak. 2014-2016ko eperako 1.500 milioi gehiago biltzea aurreikusi dute.
11:00etan puntuan izenpetu dute akordioa Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak, Lehendakaritzan. Ondoren eginiko agerraldian, Urkulluk esan du gaurkoan ez dela akordio bat ixten, "itun kultura berri bat" irekitzen baizik. Haren esanetan, itunak "garai berri bat ireki dezake eta ireki nahi du", eta eskerrak eman dizkio PSEri.
Ortuzarren esanetan, "etorkizun berri bat" irekitzen du akordioak, eta gainerako alderdiei irekita jarraitzen du: "Zenbat eta gehiago izan, orduan eta handiagoa izango da ekonomiaren suspertzeari ematen diogun bultzada".
Lopezek nabarmendu du akordioa "euskal gizartearen mesedetan" erdietsi dutela, eta ez EAJren edo PSEren mesedetan. "Garrantzitsu bezain beharrezkotzat" jo du ituna, eta "balio politiko eta sozial izugarria" duela nabarmendu du: "Gai gara politika gizartearen zerbitzura jartzeko".
EH Bildu eta PP
Bi aldeak prest azaldu dira akordioa gainerako talde politikoei zabaltzeko. Arantza Quiroga PPko EAEko presidenteak EAJko eta PSEko ordezkariekin egin zuen bilera iragan ostiralean, eta bilera ostean Quirogak esan zuenez, EAJ-PSE itunarekin bat egitea zail ikusten du PPk, "itxita" dagoelako. Atzo, akordioari "bihotzean txoko bat" egiteko eskatu zien Itsaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak alderdiko kideei.
EH Bilduren ustez, ordea, akordioak "gutxi du herri akordiotik eta asko Madrili begiratzetik". Koalizioko legebiltzarkide Julen Arzuagak esan du "alderdi baten eta bestearen interesak konpontzea" du helburu akordioak "herritarren beharrei erantzutea" baino. Arzuagaren hitzetan, "Ardanza garaiko" irudia eman dute gaur Ortuzarrek, Lopezek eta Urkulluk.