Haserre egin ditu adierazpenak Patxi Lopezek, Portugalgo PSEren etxetik. PSE-EEk eta EAJk egin duten itun fiskal berria itzalean uztea eta estatus politiko berria beste gairik ez izatea leporatu dio Urkulluri. Lopezen ustez, gai horrek "ez darama inora", "euskal gizartearen lehentasunetatik oso urrun dagoelako". Nazionalistekin akordioak egitera itzultzen bada, "Lizarrara, Ibarretxe planera, edo banaketa garaietara", sozialisten oposizio "gogorra" izango dutela ohartarazi du.
EH Bilduk Urkulluren zehazgabetasuna kritikatu du: "Galdera bai, baina argitu beharko luke zer galdera egingo zaien herritarrei: estatutuari buruzkoa izango den, edo harago joango den"; horixe argitzeko eskatu dio Dani Maeztuk.
2015 "erreferentziazkoa"
Joseba Egibar jeltzaleak, baina, ziurgabetasun horren arrazoiak azaldu ditu: "Hiru errealitate" dituzte euskal herritarrek: Iparraldekoa, Nafarroakoa eta EAEkoa. Eta, beraz, 2015ean galdera egiten "saiatuko" zela esandakoari gaineratu dio "2015a erreferentziazkoa" baino ez dela.
"Ez dugu utziko ezein espainiarri erabakitzeko eskubidea lapurtzea"
Espainiako Gobernuaren izenean hitz egin du Alfonso Alonso Kongresuko bozeramaileak. "Espainiar guztiek" izango dute, ezer erabakitzen bada, iritzia emateko eskubidea. "Irmo" egingo dute "espainiarren balioen defentsan"