euskal presoak

Urkulluri eta Barcinari berarekin bil daitezela eskatu die Herrira-k

“Aurreikuspen guztiak gainditu” zituela eta, “oso pozik” dago larunbateko manifestazioarekin. “Ondorioak ateratzeko ordua” dela adierazi du, eta “bake prozesuaren aldeko hautua” eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuburuei, bake eta konponbiderako neurriak sustatzeko. 

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko urtarrilaren 15a
17:17
Entzun

Euskal presoen eskubideen aldeko larunbateko Bilboko mobilizazio “historikoa” igarota, “ondorioak ateratzeko ordua” dela uste dute Herrira-k eta manifestazio erraldoiaren sustatzaileek. “Besoak gurutzatuta” egoteari uzteko eskatu diete Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari eta François Hollande Frantziakoari.

Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, berriz, “herritar guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen beharrezko diren neurriak” bultzatzea galdegin die. Bide horretan egin beharreko urratsak aztertzeko, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernukoari bilera bana eskatu die.

Euskal gizarteko eragileek ere “erronka saihetsezina” dutela uste du presoen eskubideen aldeko mugimenduak. “Pluraltasunean oinarrituta ekiteak” duen garrantzia nabarmendu, eta “gizartearen gehiengoaren eskariak bilduko dituen akordio zabalak” aldarrikatu ditu.

Herrira-k iragarri du “barne mailako lan mardula” hasiko duela. “Larunbatean emandako pausoa aintzat hartuz, indarra eta ilusioa herri, hiri eta auzo guztietara eramatea” izango du erronkatzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.