Urnietako EAJk, Bilduk eta PSE-EEk Urnietarrok birziklapenaren alde kanpaina aurkeztu dute gaur eguerdian, eta jakinarazi dute herrian bosgarren edukiontzia jarriko dutela, hondakin organikoak bereizita biltzeko. Baina Urnietako Bilduk argitu nahi izan du ez dela egia haiek bosgarren edukiontziaren alde daudenik.
Udalbatzaren erabakia errespetatu dutela dio hango Bilduk. "Bildu materia organikoaren birziklatze tasa handitzearen alde agertu da EAJ eta PSE-EErekin, herrian ordezkaritza duten beste bi alderdiekin. Urnietako udalbatzak bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia hartu zuen gehiengo osoz, EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin, joan den agintaldian. Urnietako Bilduk atez ateko sistemaren aldeko hautua egin du, baina, udalbatzako gehiengoak bosgarren edukiontziaren alde egin duenez, erabaki hori errespetatzen dugu", zioen atzo arratsaldean Andoni Urbistondo Bilduko zinegotziak.
Gaur Xabier Iurramendi koalizioko hautetsiak esan duenez, "Bilduren helburua birziklapen tasa handituko duten ekimenak aurrera eramatea da, eta hondakinak biltzeko erabili beharreko sisteman beste bi alderdiek proposatutakoarekin ados ez bagaude ere, birziklapen tasak handitzeko eman daitezkeen pausoak exijituko ditugu”. Haren arabera, Bilduk Urnietako birziklapen tasa %65era iristeko pausoak ematea adostu du EAJ eta PSErekin.
"Udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdiak —alegia, EAJ, PSE-EE eta Bildu— ados jarri dira, materia organikoaren birziklatze tasa handitu ahal izateko", adierazi zuten atzo ohar batean hirurek, gaurko agerraldiaren aurrekari. Adostasunaren "erreferentzia gune" bilakatuko du Urnieta akordio horrek, sinatzaileen esanetan.
Mikel Pagola EAJko kidea da Urnietako alkatea. EAJk irabazi zituen hauteskundeak iaz, 960 botorekin; boto gutxiagorekin (934) baina zinegotzi kopuru berarekin geratu zen Bildu, bostekin. PSE-EEk 719 boto eta hiru zinegotzi dauzka. Gipuzkoan hiru alderdiok gisa horretako akordio bat egin duten lehen aldia da.