Urnietan (Gipuzkoa), Esnelat enpresako pabiloi bat erabat kiskali du suak. Suhiltzaileek agertu dutenez, atzo gaueko hamarrak aldera piztu zen sutea, zergatik ez dakitela, plastiko bobinak metatzen dituzten biltegi batean. Hain justu, material horrek su erraz hartzen duenez, garrak segituan zabaldu ziren. Hala ere, inor ez da zauritu. Langileak txanda aldaketa egiten ari ziren sutea zabaldu denean, eta horrek erraztu egin du inork minik hartu gabe denak ateratzea. Bizpahiru pabiloik hartu dute su, eta sistema elektrikoa hondatuta dago. Azpiegituran sortutako kalteak direla tarteko, denbora batez itxita egongo da lantegia.
Donostiako eta Tolosako suhiltzaileak aritu dira itzaltze lanetan, eta Esnelat bertako eta ondoko enpresa bateko langileen laguntza ere izan dute. Goizaldean kontrolpean zuten sua, baina, hala ere, badaezpada zaintza lanetan jarraitu zuten. Goizeko hamaiketan ke adar handi batek inguratzen zuen oraindik lantegia, eta suhiltzaileak ura jaurtitzen zebiltzan tarteka, garabi baten laguntzaz.
Langileak kanpoan, "kezkatuta"
Enpresa itxita dago segurtasunagatik, eta bien bitartean 40-50 langile kanpoan daude, zer gertatuko zain. "Kezkatuta" agertu dira, suteak eragingo duen kalte ekonomikoagatik eta etorkizunean beraiei nola eragingo dien ez dakitelako. Komitea 12:00 edo 12:30ean biltzekoa zen zuzendaritzarekin, kalteak zenbaterainokoak izan diren azaltzeko eta aurrera begira zer egin jakiteko.
Sutearen ondorioz ke hodei handia zabaldu da, Urnietan ez ezik, baita Hernanin ere. Oraindik ere kea botatzen jarraitzen du enpresak.
Esnelat enpresak esnekiak ekoizten ditu, eta hirurehun bat laguni ematen die lana. Ikuskizun dago suteak zenbaterainoko kalte ekonomikoa eragin duen.
Sutea
Urnietako Esnelat enpresan kalte handiak eragin ditu suak
Hala ere, ez da inor zauritu. Atzo gaueko hamarrak aldera piztu ziren garrak plastiko bobinak gordetzen dituzten biltegi batean. Zergatia ikertzen ari dira. Gutxienez hilabeterako itxiko dute enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu