Oinartxo zabortegiko lixibiatuak Urola ibaitik «oso gertu» daudela salatu zuen Azkoitiko Udalak (Gipuzkoa), atzo, prentsaurreko batean. Horren ondorioz, zabortegiaren egoera «larriagotu» egin dela uste du. Udalak esan du egoera hori konpontzeko «beharrezkoak diren bide guztiak» jorratuko dituela, eta adierazi du «zabortegiaren egoeraren erantzule guztiei» eskatuko dizkiela kontuak.
Azkoitiko Udalak 2008an erosi zituen zabortegiko lurrak, eremu horretan industria ezartzeko asmoz. Horretarako, Ecenarro enpresari saldu nahi zizkion lurrak, baina horrek ez dizkio oraindik erosi. EAJk agintzen zuen orduan Azkoitian. Egungo alkatetzak, Bildu alderdikoak, kritikatu egin du udalak 2008an egin zuen erosketa; uste du Azkoitia Lantzen enpresa publikoa eta Azkoitiko Udala «urteetarako hipotekatu» egin dituela erosketa horrek. Era berean, aipatu dute zabortegiak e z diela onurarik ekartzen herritarrei.
Hierros Eguino enpresa izan zen, 2008ra arte, Oinartxoren jabea. Lurrak udalari saldu izanik ere Hierros Eguinok oraindik erantzukizunak zituela zehaztu du udalak: «Legez eta kontratuz, Hierros Eguinori zegokion zabortegiko lixibiatuen tratamendua, baina hasieratik uko egin dio bere betebeharrak betetzeari». Horiek horrela, Azkoitia Lantzen elkartearen esku geratu zen lixibiatuen kudeaketa. Horrek, Lurkide eta Hirigintza enpresei eman zien zabortegiko kutsadura kentzeko eta bertako ur lixibiatuak tratatzeko ardura. Bi enpresa horiek ere ez dute kontratua bete, udalaren aburuz: «Joan den ostiralean Lurkide eta Hirigintza enpresek, indarkeria erabiliz, Azkoitia Lantzenek zabortegia tratatzeko zituen azpiegiturak eraman zituzten. Ondorioz, lixibiatuak Urola ibaitik oso gertu utzi dituzte bi enpresek».
Zabortegi kutsatuenetakoa
Oinartxoko zabortegia «ingurumenarentzat kaltegarria» dela iritzi dio Azkoitiko Udalak. Udalak esan du «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zabortegi kutsatuenetakoa» dela, Eusko Jaurlaritzako aditu baten hitzak gogora ekarriz. Ikerketa bat egin du Azkoitia Lantzen-ek, zabortegia horren kutsatua dagoen ala ez jakiteko. Azterketa horretan, esaterako, ikusi dute 130ekoa dela Oinartxo zabortegiko berun indizea; onartutako maximoa 0,5ekoa da. Molibdeno indizea —minbizia eragin dezakeen substantzietako bat—, 150ekoa da zabortegian; onartutako kantitatea 0,5ekoa da kasu horretan ere.
Enpresa horiek eragindako kalteak konpontzeko, hainbat neurri hartu ditu udalak: enpresa bat kontratatu du lixibiatuek sor ditzaketen kalteak saihesteko, Lurkide eta Hirigintza enpresen aurka salaketak jarri ditu eta Hierros Eguinori erantzukizunak eskatu dizkio, Oinartxo zabortegia «era egoki batean» ez kudeatzeagatik.
Urola ibaitik «gertu» daude Oinartxo zabortegiko isuriak
Zabortegiko lixibiatuen ondorioz Oinartxoren egoera «larriagotu» egin dela salatu du Azkoitiko Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu