BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainak Urola Kostako 11 herrietako alkateen babesa jaso du gaur, Azpeitiko udaletxean egindako agerraldi batean. Euskarazko komunikabideen aldeko apustua egiten dutela adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, eta guztien izenean azpimarratu du BERRIAren moduko proiektu bat "beharrezkoa" dela.
Hedabide taldea krisiagatik "egoera larrian" dela esan du Etxeberriak. Hori dela eta, alkateen konpromisoa egitasmoa bultzatzea, ziztada bidez diru ekarpena egitea eta herritarrak horretara animatzea da, haien arabera.
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak ere parte hartu du prentsaurrekoan. Espainiako Gerran urte erdi batez Eguna euskarazko egunkaria egon zen arren, 1990era arte Euskal Herrian modu iraunkor batean euskarazko kazetarik ez zela izan gogoratu du —Egunkaria sortu zuten orduan—. Egunkaria "birrindu" egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003an, Otamendik esan duenez, baina jende askori esker BERRIA sortu zela handik gutxira eta orain hori krisiagatik "arrisku larrian" dagoela.
Ondorioz, jendeari dei egin dio BERRIA Komunitateko kide izatera eta proiektua diruz laguntzera. "Irlandan eta Galizian bertako hizkuntzetako egunkariak galdu zituzten, eta gurean ezin da halakorik gertatu", adierazi du Otamendik.
Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria ere izan da Azpeitiko ekitaldian.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko"
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIA Komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki, bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.