Bake eta normalizazio politikorako bidean pausoak emateko eskatu diote Bilduk eta EAk Espainiako Gobernuari. Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak azpimarratu du «urrats asko» daudela egiteko eta «estatuari eta hango alderdiei» exijitu egin behar zaiela egoerak eskatzen duen mailako jarrera izateko. «Bake eta normalizaziorako bideak ez du atzera bueltarik, baina gure egitekoa da hura bizkortzea», esan du.
EAk egin duen bidearen inguruan «kritika asko» jaso dituela gogorarazi du, eta azaldu du orain bakea eta normalizazioa «gertuago» daudela duela urtebete baino, eta «erabakiz, determinazioz eta jarrera adoretsuz» jokatu behar dela esan du.
Nafarroako Legebiltzarreko Bilduren eledunak deia egin dio Espainiako Estatuari pauso berriak eman ditzan. «Hainbeste desiratutako bake eta normalizazioa egia bihur daitezkeen egoera batean gaude, eta hori ahalik eta denbora laburrenean gerta dadin lortu behar dugu».
Ramirezek esandakoaren haritik adierazpenak egin ditu Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak ere. «Indarkeria gabeko egoera batera bidean atzera bueltarik ez duen prozesu batean dago Euskal Herria», esan du. Adierazi duenez, bide hori amaierara eramaten denbora gehiago edo gutxiago beharko da «alde guztiak egiteko prest dauden ekarpenen arabera».
Gernikako Akordioan egiten diren eskaerak ETAk bete dituela ekarri du gogora —su-eten egiaztagarria emateko eskatzen zaio erakunde armatuari akordio horretan—, baina Espainiako Gobernuak «immobilismoan ainguratuta» jarraitzen duela salatu du; «neurriak hartzeari uko eginez, batik bat espetxe politikari dagokionez». Gai horretan urratsak egiteak «indarkeriaren behin betiko amaierarako bidea» asko azkartuko lukeela uste du Agirrezabalak.
«Urtebeteren ostean, PPk eta PSOEk ezin dute jarraitu errealitateari bizkarra ematen eta garai politiko honetan ekarpenak egiteari uko egiten».
Urratsak egiteko eskatu dute Bilduk eta EAk
Agirrezabalak uste du presoen gaian pausoak emateak «indarkeria gabeko egoerara» bidea asko azkartuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu