«Urratsak» eskatu dizkie Espainiari eta ETAri Aralarrek

Su-eten «iraunkorra» eta Batasunari trabarik ez jartzeko eskatu die Erostarbek ETAri eta Espainiako Gobernuari

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Bakegintzan eta normalizazio politikoaren bidean «aurrerapausoak» eskatu dizkie ETAri eta Espainiako Gobernuari Oxel Erostarbe Aralarreko Gipuzkoako koordinatzaileak: «Giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen aitortzan eta errespetuan urratsak egiteko eskatzen diegu».

Donostian egin ditu adierazpen horiek Erostarbek, Herriz herri. Entzun nahi zaitugu kanpainaren harira Aralarrek Gipuzkoako zenbait udalerritan egiten ari den ekitaldien barruan. «Urratsak egiteko ordua» dela uste du Erostarbek, eta Zapatero presidenteari eta ETAri hitz egin die. «Su-eten iraunkorra, egiaztagarria eta aldebakarrekoa» emateko galdegin dio ETAri, «orain bi hilabete Gernikako Akordioaren sinatzaileok esaten genion moduan».

Ezker abertzaleak legea beteko duen alderdia sortuz gero hari trabarik ez jartzeko eskatu dio Erostarbek Zapaterori. Patxi Lopez lehendakariaren hitzak ere gogoan izan ditu, eta «bere hauteskunde interesak gizarteak bakerako duen gogoaren aurretik» jartzea egotzi dio Lopezi. Batasunari ezin zaiola «beste alderdi batzuei baino baldintza gehiago eskatu» gaineratu du.

Ezker abertzalea urratsak egiten ari dela «ukaezina» da, Erostarberen ustez, eta argi utzi du alderdi berria udal hauteskundeetan egotea nahi duela: «Euskal Herrira bakea iristen ari den seinale izango litzateke».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.