Kilometroak

Urretxu-Zumarragako Ikastolari laguntzeko diru bilketa abiatu dute

2018ko urriaren 8a
10:30
Entzun

Asko izan ziren atzo Urretxun eta Zumarragan ospatutako kilometroetara joan ziren herritarrak, baina euria zela tarteko, espero baino gutxiago joan ziren. Atzo "laguntzerik izan ez zuten herritarrek euren ekarpena egiteko" kontu korronteak zabaldu dituzte.

Euria egiteak jende gutxiago elkartzea dakar. Baina, euriak euri, eta, espero baino jende eta, ondorioz, diru gutxiago batu bazen ere, gustura ziren atzo Urretxu-Zumarragako Ikastolakoak: "Gaurko egunean eta urte osoan egindako lanak argi erakusten du oinarri sendoak dituen komunitatea osatzen duela Urretxu-Zumarraga Ikastolak".

Eguna "lasaitasunean eta giro onean" igaro zela azpimarratu dute, eta eguraldi makurra izanagatik ere egitaraua aurrera eramatea lortu zutela, nahiz eta ekitaldi batzuk moldatu egin behar izan zituzten. Arratsaldean egitekoa zuten Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren erakustaldia izan zen bertan behera utzi zuten ekitaldi bakarra, materiala izorratu zitekeelako.

Gainera, pozik azaldu dira, Ikastolaren eraikinari aurreikusi gabeko erabilera bat eman zietelako, eta hainbat familia euritatik babestu: "HHko gunea jolas parke modura erabili dute txikienek, eta jantokia, berriz, bazkaritarako".

Erronkan, etxekoak nagusi

18 ikastolatako lagunak aritu ziren atzo, egun osoan, Erronka jokatzen. Urretxu-Zumarragako Ikastolako ikasleek lortu zuten garaipena, Orioko Herri Ikastola sailkatu zen bigarren, Zarauzko Salbatore Mitxelena hirugarren eta Anoetako Herri Ikastola laugarren.

Datorren urtean, Zarauzko Ikastolak antolatuko du Kilometroak jaia. Atzo hartu zuten lekukoa.

Honako hauek dira dirua jasotzeko zabaldu dituzten kontu korronteak:

Rural Kutxa: 3008 0158 3336 2854 4227
Kutxabank: 2095 5001 00 911 7322404
Laboral Kutxa: 3035 0027 76 0270053696

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.