www.goierrikohitza.info
Astelehen goizeko lau eta erdi aldera Urretxuko gazte bat Ertzaintzak Ordizian geldiarazi, "jipoitu" eta atxilotu egin zuela adierazi dute Goierriko herri mugimenduko bi taldek. Azaldu dutenez, autoarekin errepidean zihoala kalez jantzitako ertzainek geldiarazi eta aparkaleku batean gerarazi zuten, ertzain-auto bat zegoen tokian. "Kolpeak, irainak eta mehatxuak" jaso zituela salatu dute. Anbulatoriora eraman zuten, eta atxilotu eta bi ordura aske geratu zen. Bihar Tolosako auzitegian epaiketa azkarra egingo diote, "aginteari atentatua" egin izanaren akusaziopean.
Asteleheneko gertaerari dagokionez, gazteak autotik jaitsi eta paperak hartzera joan orduko "kolpeak" jaso zituela salatu du, eta "irainak eta mehatxuak" egiten orduan hasi zirela. "Barrabilak behin eta berriz ukitzeagatik kexatzean lurrera bota eta modu bortitzean atxilotu zuten, erresistentzia jartzen ari zela-eta eskuburdinak ere jarriz. Beasaingo ertzain etxera eraman zuten orduan, eta anbulatoriora gero, jasotako kolpeak medikuek azter zitzaten. Berriro eraman zuten ertzain etxera. Uko egin zion deklaratzeari eta 6:30 aldera utzi zuten aske", dio KKinZonaren oharrak.
Agintearen aurkako atentatu delitua egotzita bihar Tolosako auzitegian epaituko dute. Atxilotuaren ingurukoek salatu dutenez "harrigarria da gazte bat bakarrik lau ertzainen aurka oldartzea, harrigarria baino gehiago sineskaitza".
Goierriko AHT Gelditu Elkarlanak eta Urretxuko KKinZona elkarteak salatu dute "AHTren aurkako mobilizazioetan parte hartzen duten pertsonen aurka ematen ari diren erasoen artean" kokatzen dela asteleheneko gertaera eta atxiloketa, "pertsona konkretu batzuk Goierrin azkenaldian sekulako jazarpena eta mehatxuak jasaten" ari direla gehituz.
Azken asteetan "hainbat atxiloketa, isun, mehatxu eta miatze" izan direla aipatu dute. Atxilotutako gazteak beste bi epaiketa ere badituela gogorarazi dute, "ideien zapalkuntza" salatuz. Ordizian AHTren obrei ekin eta mobilizazioak hasi zirenetik "errepresioa" jasaten ari direla gaineratu dute.
Bihar 11:30ean Tolosako auzitegiaren aurrean kontzentrazioa egin eta gertaeraren xehetasunak emango dituzte.
Urretxuko gazte batek adierazi du ertzainek atxilotu zutenean ''jipoitu'' egin zutela
Astelehen goizaldean izan zen gertaera, Ordizian. Bihar epaituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu