Gipuzkoako izendapenik gorena, urrezko plaka, jaso zuten larunbata eguerdian Kursaalean XX. mendearen erdialdean Euskal Herrira bizimodu hobe baten bila Andaluzia, Extremadura eta Galiziatik etorri ziren etorkinek. Ehunka herritarrek hartu zuten parte; beren jatorrizko herriko arropaz jantzita azaldu ziren batzuk, gaita jo zuten galiziarrek, eta, Ezpata dantza dantzatu zieten guztiei.
Martin Garitano ahaldun nagusiak nabarmendu zuen beren jatorria eta sustraiak alboratu gabe, nola egin duten bat Euskal Herriko kulturarekin. Izan ere, Aldundiak ezinbesteko jotzen ditu gaur egungo Gipuzkoa ulertzeko eta etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko. “Gure herria aberastu dute”, esan zuen Larraitz Ugarte foru aldundiko eledunak, urrezko plaka nori emango zioten iragartzeko prentsaurrekoan. Haien lanak eta esfortzuak aberastu du Euskal Herria, eta eurekin ekarritako kulturak aniztasuna eman dio Gipuzkoari.
Zuten guztia —edo zuten gutxia— utzi, eta milaka etorkin iritsi ziren Euskal Herrira 1940, 50 eta 60ko hamarkadetan. Andaluzia, Gaztela eta Leon, Extremadura eta Errioxatik (Espainia) zein Galiziatik oldean iritsi ziren garai hartan. Etorkizun oparoago baten bila heldu ziren. Euren herrietako soro handietan bizkarra okertu arte lan egiteari irtenbidea bilatu nahi zioten, eta askok Gipuzkoan topatu zuten bide hori. Soroetan okertu beharrean, Gipuzkoan indartsu sortutako industria sektorean okertu zuten bizkarra haietako askok… Eta hemen gelditu ziren bizitzen, eta hemen sortu zuten familia, eta hemen jaio ziren euren seme-alabak, hemengoak dira haien bilobak.
Zaila da herri horietatik Euskal Herrira eta, zehatzago, Gipuzkoara etorritakoen kopuru bat ematea. Ez dago halako erroldarik. Baina, Gaindegiak 2013an argitaratutako datuen arabera, Euskal Herrian %71,5 dira bertan jaiotako herritarrak, %19,5 Frantzia eta Espainiako estatuetan jaioak eta %9 beste toki batekoak.
GALIZIA. “Ez gara sekula erabakiaz damutu”
Erdi ezkutuan egon arren, erraz identifika daiteke Galiziako As Burgas etxea Eibarko Urkizu pasealekuan. Kartel zuri-urdinak iragartzen du aldapatxoa jaitsita duela lokala. Kolore bereko ikurrak dituzte barruan, baina nabari da Eibarren daudela: zintzilik dute herriko futbol taldearen zapia ere. Barra aldameneko zaratatik aldenduta, atzeko gela aukeratu du Amilcar Dos Santosek (Chaguazoso, Galizia, 1950) hizketaldia egiteko. Mahaiaren bueltan bildu dira Dos Santos eta Alicia Augusto senar-emazteak; Maria Pilar alaba —haren seme Danielekin—, eta Raquel alaba —Reiner Marron bikotekidea, eta Carla eta Ruth alaba txikiekin—.
1969ko otsaila zen Dos Santos lehenengoz Eibarrera heldu zenean. Autobia egiteko lanetan aritu zen aurrena, eta hainbat hilabetetan joan-etorrian ibili ondoren, soldaduskara joateko garaia iritsi zitzaion: buelta Galiziara. 1974ko apirilean itzuli zen behin betiko Eibarrera. Ezkondu berria zen, eta hiru hilabetera etorri ziren emaztea eta haien bi seme-alabak: Maria Pilar eta Pascual. Eibarren jaio ziren gainerako hirurak: Alberto, Raquel eta Oscar. Egun, semeak Euskal Herritik kanpo bizi dira.
120 bat biztanleko herri batetik zetozen, Chaguazosotik (Ourense). Haiek bezala, inguruko familia askok utzi zuten herria; Euskal Herrira ez ezik, Kataluniara ere joan ziren asko. “Soroan lan egitea besterik ez zegoen, eta etekinik ez”.
18 eta 17 urterekin, ezkondu berritan, “bost duro” ere ez zituzten. Eibarrera heldu aurretik, Burgosen (Espainia) zirela, eskutitzez idatzi zien Aliciaren anaietako batek: “Eibarren ordu bat 28 pezeta pagatzen omen zituzten; guri 22 pezeta”. Urte haietan asko zela dio Aliciak: “120.000 pezetaren truke etxe bat erosten zenuen eta!”. Lana gogotik egin zuen etxetik kanpo Amilcarrek: egunean hamabi ordu baino gutxiago ez, larunbatak barne. “Autobidea eraikitzen ari ginenean, 15-16 orduz ere lan egin izan dut”. Horrek, ordea, haurrak ikustea zailtzen zion. Lanera joaten zenean umeak ohean zeuden, eta berdin bueltan. Aliciak, berriz, seme-alaben ardura hartu zuen. “Gogorra izan zen, baina gaztea zarenean guztiarekin ahal duzu. Orain, bilobak ikusita, esaten dut: ‘Nola egin ahal izan dut’?”.
Ez zitzaien zaila egin ingurura egokitzea. Familia eta sorterria faltan sumatu arren, hasieratik gustura sentitu ziren Eibarren. “Ez gara sekula erabakiaz damutu”, dio Amilcarrek. Aliciarentzat, zailena etxetik irteteko pausoa ematea izan zen: “Behin hemen, oso bizilagun onak izan ditugu, euskaldunak. Garai hartan jendeak agian bazuen errezelo pixka bat, baina zortea izan dugu”. Herrimina kentzeko beste galiziar batzuekin biltzen zirela gogoan du Amilcarrek: “Iritsi ginenean, Galiziako taberna bat ikusten genuenean hara joaten ginen, ezezagunak izan arren. Euskaldunek Ameriketara doazenean ere hala egiten dute, hitz egiteko norbait bilatu”. Gerora, hamabi urtez izan zen Galiziako etxeko presidente.
Maria Pilarrek, bost anai-arrebetatik nagusienak, 5 urte zituen etorri zirenean, eta ez du txikitako hango oroitzapenik. “Bakarrik gogoratzen dut nonbait autobus baten zain geundela hona etortzeko, eta mareatu egin nintzela”, dio barrez. Gurasoetatik seme-alabetara pasata, bilobei ere iritsi zaie Galiziako esentzia: Carlak eta Ruthek, Raquelen alabek, dantza egiten dute talde folklorikoan. “Asko gustatzen zaie. Igandetan etortzen gara entseatzera, eta festetan parte hartzen dute”, dio haurren amak.
Familia osoa mahaiaren bueltan elkartzen denean hizkuntzen mazedonia gertatzen da, Raquelek kontatu duenez: “Elkarrizketa berean, bi anai-arreba zaharrenei galizieraz hitz egiten diete gurasoek, eta guri gazteleraz. Bilobak euskaraz aritzen dira”. Elkar ulertzeko arazorik ez dute, ordea. Gurasoek galizieraz hitz egiten dute haien artean; bilobekin, berriz, euskaraz ahalegintzen dira.
Galiziako familia bisitatzera gustura joaten diren arren, bizitzera ez lirateke bueltatuko. Amilcarrek dioenez, ia bizi guztia Euskal Herrian egin du, eta eroso sentitzen da Eibarren. Bat dator Alicia harekin: “Kalera atera eta jende guztia ezagutzen duzu”.
ANDALUZIA. “Topikoak oso urrun daude errealitatetik”
Gipuzkoako herri batean esnatu, Andaluziara begira. Izenburu hori jarri diote Lasarte-Oriako Semblante Andaluz kultur zentroaren aldizkariari, gazteleraz. Liburuxka esku artean du Jose Perez Acostak (Encinasola, Andaluzia, 1958), eta argazki zaharrei begira ari da: “Dantza taldeak izan ditugu, gitarra ikastaroak, neska eta mutilen futbol taldeak…Denetarik”. “Ipurterre hutsa da”, dio Mikel semeak albotik. Kultur zentroaren presidente sortzaile izan zen Perez Acosta, eta Andaluzia euskaldunei gerturatzen ahalegindu da Euskal Herrira etorri zenetik. “Jatorria berreskuratu nahi izan dugu, baina inoiz ahaztu gabe non gauden”.
48 urte dira gurasoekin Bilbora iritsi zenetik, Errekaldeberri auzora. Zortzi urte zituen. Bizpahiru urte atzera, aiton-amonek bide bera egin zuten, eta hiru belaunaldiek Bilbon egin zuten topo berriro. Huelvako herri txiki batetik zetozen, Encinasolatik. “Herria landa eremuan dago, eta, garai hartan, inguruko eskualdeak atzeratuta zeuden, ez zegoen industriarik… Familiek hiriguneak bilatzen zituzten”. Asko hiriburura joaten ziren, Huelvara; beste batzuek, ordea, Madril eta Bartzelona aukeratu zituzten.
Ume garaiko oroitzapen lausoak gordetzen ditu Perez Acostak: gogoan du oinarrizko hezkuntzako lehen maila han egin zuela, lehen jaunartzea… “Gurasoentzat agian dramatikoagoa izan zen aldaketa. Gazteak ziren, 35-38 urte zituzten, eta dagoeneko hangora egokituta zeuden: lagunak utzi behar zituzten, lurrak, etxea…”.
Lan kontuak tarteko, orain dela 30 urte baino gehiago etorri zen andaluziarra Lasarte-Oriara bizitzera, Eli Hernando emaztearekin eta Mikel semearekin. Elma alaba herrian jaio zen. Seme-alabek txikitatik izan dute harremana aitaren sorlekuarekin. Ia urtero joan izan dira herrira udan, eta “oso zoriontsu” zirela gogoan du Elmak: “Etxe txiki batean jende pila bat elkartzen ginen, lehengusuekin-eta. Kale bereko haur guztiak jolasten aritzen ginen, ordu txikiak arte”. Umeak zirenean egindako lagunak gordetzen dituzte oraindik; urrun egon arren, teknologiei esker laburrago egiten zaie distantzia. Lasarten ere, Andaluziako kultur zentroan antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzen dute.
Lasartera iritsi zirenean, integra zitezen gurasoek egindako ahaleginaz mintzo da Mikel: “Gu eskolatzeko garaian bi formula zeuden: edo euskara irakasgai soil zuen eskola batera joan, edo ikastola batera, eta dena euskaraz ikasi”. Bigarrenaren alde egin zuten. Perez Acosta ere aritu zen euskara ikasten, AEKn. “Jende gaztearekin aritu nintzen gelan. Haiek oso azkar zihoazen; joaten ginen lau zaharrenak atzean geratzen ginen. Pentsa, hiru urtetan ikasturte bat egin nuen!”. Euskaraz hitz egitea kosta arren, elkarrizketa bat jarraitzeko moduan da.
Seme-alabei ez ezik, inguruko bizilagunei ere Andaluzia gerturatu nahi die Perez Acostak: nolakoak diren, nola bizi diren… Asko gustatuko litzaioke topikoekin haustea: “Andaluziarrek lan gutxi egiten dutela esaten da, festa asko gustatzen zaiela… Oso urrun daude errealitatetik”. Perez Acostak, ordea, haien bizitzeko formula kopiatzea gustuko luke; dena batera egin nahi ez izatea, adibidez. “Hemen estresatuegi bizi gara. Bizitza beste filosofia batekin hartzen dute han”.
Huelvara bizitzera bueltatzea ez dute buruan; ez aitak, ezta seme-alabek ere. Mikelek dioenez, zaila da halako herri mota batera itzultzea: “Gazteak hirira joaten dira, unibertsitateak dauden tokira, fabrikak dauden tokira. Herri horien joera txikiagotzea da, eta hemen dauzkazun erosotasunak ez dituzu han”. Aita ere gustura bizi da Lasarten. “Zentzugabe” ikusten du hainbatetan egin izan dioten galdera: “Integratuta nagoen galdetzen didate. 48 urtetan ez banaiz integratuta egon, bueltatu egingo nintzateke!”. Badaki hasierako garai haiek gogorrak izan zirela familia askorentzat, haien herrietatik atera behar izan zutela. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bihar egingo dien aitortza eskertzekoa iruditzen zaio: “Euskadi gaur dena, haiei guztiei esker ere bada”.
EXTREMADURA. “Hara begira hartzen dut lo askotan”
Monfrague Extremadurako kultur zentroan, Errenterian, hartu du Pachi Magrok (Salorino, Extremadura, 1945) eta haren familiak Gipuzkoako Hitza. Atarian, hiru bandera daude, eta Magrok bertan atera nahi du argazkia. Errenteriakoa dago ezkerrean, Extremadurakoa erdian eta ikurrina eskuinean. “Espainiakorik ez dago”, nabarmendu du. Extremadurartzat du bere burua lehendabizi, gipuzkoarra, euskal herritarra eta europarra sentitzen da gero. “Behin, alderdiko [PSE] buruzagi batek galdetu zidan, ‘eta non gelditzen da Espainia?’ Eta erantzun nion: ‘Espainia Europa barruan dago, ezta?’. Horixe da nik sentitzen dudana, eta horrelaxe esaten dut. Ez gara alferrik borrokatu bakoitzak sentitzen duena esan ahal izateko”.
Hiru belaunaldi elkartu dira elkarrizketarako. Modesta Diaz emaztea ere aldamenean dago, baina ez du hedabideekin ezer jakin nahi. Extremadurako errezetarekin egindako magdalenak jarri ditu mahai gainean, kazetariak dasta ditzan. Ez du hitz egin nahi, baina adi-adi jarraitu dio senarrak esandako guztiari.
1961ean heldu zen Pachi Gipuzkoara, 16 urterekin. Anaia eta lehengusu bat zituen hemen, eta haiek esan zioten etortzeko. “Han soroko lana baino ez zegoen, eta ez nuen gustuko, esklabu lana zen, eguzkiz eguzki lanean, lau txakur txiki irabazteko”.
Bakarrik etorri zen, eta zortzi urtera iritsi zen Modesta Diaz Euskal Herrira. “Ezkontzera”. Errenterian bizi zen Pachi ordurako, eta bikoteak hiru seme eta alaba bat izan zituen bertan. “Gu hemengoak gara”, azaldu du Lupe Magrok,”Extremaduran daude gure sustraiak, maite dut hura. Baina ni hemengoa naiz, ez hangoa”. Maider Garrido bilobak ere ez du zalantzarik, euskalduna da, guraso bien aldeko aiton-amonak hangoak dituen arren. “Bitan joan naiz aitonarekin, asko gustatzen zait. Baina hura aitonaren herria da, ez nirea”.
Pachik ez du nahi bere familiak ahazterik nondik datozen. “Horretan ahalegindu naiz beti”. Errenterian Extremadurako zentroaren sortzaileetako bat izan zen Pachi, eta kultur ekintzetan buru-belarri murgildu izan da familia. Baina, hangoa galdu gabe, hemengora egokitzen ere ahalegindu da. Saiatu arren, berak ez du euskara ikasi. “Zaila egiten zitzaidan. Baina nire seme-alabek euskaraz egitea nahi nuen, ez nuen nahi hemengoen ezberdinak izan zitezen”. Hala, Pachik Beraun auzoko ikastetxean eskolaz kanpoko euskara ikastaroak ematea lortu zuen 1980eko hamarkadan. “Jose Antonio Ardanza zen ahaldun nagusia, eta gure eskolako umeentzat euskara irakasle bat eskatu nion. Erotuta nengoela erantzun zidan, eta ez zigula laguntzarik emango. Baina hedabideetara joko nuela egin nion mehatxu, EAJk hauteskundeetan esaten zuelako hemen katalanek bezala egin behar genuela. Irakasle bat jarri ziguten”.
“Egunero ordubete egiten genuen euskara ikasten”. Lupek asko eskertzen du aitak egindako ahalegin hura; izan ere, inguru erdaldunean bizita, ez zegoen euskara ikasteko beste aukerarik. “Institutura iritsi arte apenas izan genuen harremanik beste ume euskaldunekin. Auzoan Salamancakoa ez zena Extremadurakoa zen, edo Galiziakoa”.
Pachiren arabera, “borrokatzea” izan da bere bizitzaren patua. Extremaduratik etorri eta diktaduraren kontra borrokatu zen lehenik —atxilotu ere egin zuten, CCOOren paskinak banatzeagatik—, Euskadiko Ezkerraren sorkuntzan parte hartu zuen gero, eta PSE-EEn militantzia aktiboan jarraitzen du. Jatorriagatik eta militantziagatik jazarpena pairatu duela kontatzen du. “Oroitzen dut Frantzian [Iparraldea] EE sortzeko egindako bilera bat. Han zeuden pertsona batzuek gero jazarri egin naute. Esaten zuten, ‘maketo hauek, mantxurriano hauek, lehenik erakarri egin behar ditugu, gure alde jar daitezen, eta, gero, boterea lortzen dugunean, joan daitezela beraien herrira’”. Lupek dioenez, inoiz ez diote esan halakorik, baina aitari bai, askotan. “‘Itzuli zure herrira, mantxurriano’ eta horrelakoak askotan. Baina, agian gehiago zen militantziagatik jatorriagatik baino”.
Dena dela, Pachik ondo ikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Espainiako Estatutik etorritako etorkinei plaka bat ematea. “Keinu bat da, eskertzekoa da, baina niretzat agian gehiago da itxura kontua, ez dakit…”.