Atzeratzen joan da Espainiako Gobernuak abortuaren legea erreformatzeko aurkeztekoa duen proiektua, baina epe bat zehaztu du gaur Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak: datorren hilean eramango du lege proiektua ministroen kontseilura. Orduan hasiko du lege bihurtzeko bidea, parlamentuan, eta ziurra da aurrera aterako dela, PPk baitauka gehiengoa. Kontuan hartzekoa da, hala ere, PPn bertan izan direla erreforma proiektuaren aurka agertu diren ordezkariak. Gallardonek erantzun du gobernua "erabat" dagoela ados legea aldatzearekin; aitortu du, hala ere, gobernuaren barruan "gogoeta bat" egin dutela, "gaia oso korapilatsua denez ahots guztiak entzun behar zirelako".
Erreformak zer berritasun ekarriko dituen ez du zehaztu ministroak, baina nabarmendu du PPren "diskurtso historikoa" izango duela ardatz. 1985eko legearen eta PPk 2010eko legearen aurka jarritako helegitearen ildotik joango da, beraz. "Biziaren defentsaren eta emakumeen eskubideen alde", Gallardonen esanetan.