Urtea amaitzerako lanean izango dira hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako azpiegitura guztiak. Gaur Zubietara egindako bisita batean, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak jakinarazi du egunotan probak egiten hasiko direla biometanizazio plantan, eta erraustegiko obrak ere amaituta daudela. Azpiegitura hori abiatzeko ere egutegi bat zehaztu du: urrian jarriko dute martxan proba fasean, eta abendurako normaltasunez funtzionatzea espero dute.
"Gipuzkoarrok gaikako bilketan egiten dugun ahaleginari erantzuten dio biometanizazio plantak", esan du Asensiok. Izan ere, bereizita jasotzen den organikoa tratatuko du azpiegitura horrek, 25 eguneko prozesu batean; urtean 40.000 tona zabor hartzeko gaitasuna izango du. Eskoriak tratatzeko planta ere abiatzeko prest daukate: Zabalgarbitik iritsitako 300 tona eskoria daude jada Zubietan, probetan hasteko. Urri erdialdetik aurrera, bertako errauste plantako eskoriak ere jasoko ditu.