Espainiako hezkuntza erreforma ez ezartzeko eskatu diete hezkuntzako eragileek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari; erreformari aurka egiteko manifestazio bat antolatu dute, urriaren 12rako.
Hezkuntza eragile asko batu dira eskaera horretan eta manifestaziorako deialdian, zuzendariak, gurasoak, ikasleak, sindikatuak eta beste. Ikastolen elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, EHIGE, BIHE, Sarean, Ikasle Abertzaleak, NIZE, ELA, LAB, EILAS, UEU eta Hik Hasi agertu dira gaur, manifestaziorako deia eginez. CCOO sindikatuak eta Kontseiluak ere bat egingo dute deiarekin.
LOMCE ez! Euskal Herrian gure hezkuntza sistema eraiki! lelopean egingo dute protesta, Bilbon; Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da. Jose Ignacio Wertek prestatu duen erreforma "zentralizatzailea, doktrinatzailea, atzerakoia, baztertzailea eta elitista" dela salatu dute.
Euskal Herriko hezkuntza eragile "ia guztiek" agertu dute erreforma horren aurkako jarrera, manifestaziorako deia egin dutenen esanetan. Baina hori ez dela aski eta "hezkuntza sistema propioa" eraikitzeko pausoak eman behar direla adierazi dute. Erreformaren gisako "erasoei" aurre egiteko ere beharrezko jo dute.