FIJAIT fitxategiak

Urriaren 16an emanen du Baionako auzitegiak Peio Hirigoienen kontrako auziaren erabakia

Gaur arratsaldean epaitu dute euskal preso ohia FIJAITen izendatu ondotik ezarri zizkioten neurriei uko egiteagatik. Konstituzioaren kontrakoak direla salatu dute abokatuek. 800 euroko isuna eskatu du Baionako prokuradoreak. 150 pertsonak elkarretaratzea egin dute auzitegi aitzinean Hirigoieni sustengua erakusteko.

Elkarretaratzea egin dute auzitegiaren aurrean. @EKHIERREMUNDEGI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko irailaren 11
07:13
Entzun

Gaurko saioan aldeek beren argudioak eman ostean, epaimahaiak erabaki du ez bidaltzea Parisera auzia. Hala egin izan balu, Konstituzioaren aurkakoa den erabaki beharko zuen kasazio auzitegiak, gaur Hirigoienen defentsak salatu duen moduan, eta gaurkoa bertan behera geldituko zen. Azkenean, baina, Parisera ez bidaltzea erabaki dute, eta epaiketak aurrera segitu du, galdeketa eta lekukotasunekin.

Peio Hirigoienen kontrako auzia FIJAIT fitxategiaren kontrako epaiketa bilakatu nahi izan dute eta sei abokaturen defentsa izan du euskal preso ohiak. Fitxategiaren ondorioz ezarritako neurriek bere bizitza pertsonala eta familiarra oztopatzen dituztela salatu dute, eta lekukotasun ezberdinekin frogatu nahi izan dute neurriak zorrotzegiak direla eta euskal preso ohiei aplikatzeak ez duela zentzurik Euskal Herriko egoera politikoa kontuan hartuta. Samuel Vuelta Simon prokuradorearen arabera, FIJAITek ezarritako neurriak ez betetzeak Hirigoienen bergizarteratzeko borondate falta erakusten du, eta kontuan hartuta EH ez da salgai lelopean egindako etxebizitza espekulazioaren kontrako ekintza bortitzek segitzen dutela -ekintza horiek leporatuta egon zen preso Hirigoien-, arras justifikatua dela FIJAIT fitxategian sartzea. Gutxienez 800 euroko isuna ezartzeko eskatu dio epaileari. Urriaren 16an emanen dute erabakiaren berri.

FIJAIT  Arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuko neurriak Frantziako Konstituzioaren kontrakoak direla argudiatu du Paulus Basurco abokatuak gaur epaiketaren lehen saioan, eta FIJAIT fitxategiaren helburuak gainditu direla azpimarratu du. Jokin Etxebarria euskal preso eta iheslari politiko ohien kolektiboko kideak epaiketa "onartezintzat" jo du, hura hasi aurretik egin duten elkarretaratzean: "Onartezina da ETAk jarduera armatua utzi, armagabetu eta erakundea desegin ondotik Frantziak gisa horretako neurriekin segitzea. Gatazkaren konponbidearen alde urratsak egiteko garaia da".

Epaiketaren berri zuzenean ematen ari da Ekhi Erremundegi Beloki BERRIAko kazetaria:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.