Espainiako Gobernuak ez du zehaztu noiz lekualdatuko duten gorpua. Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak jakinarazi du urriaren 25a baino lehen aterako dutela Erorien Haranetik (Madril) eta eramango dutela Espainiako hiriburuko El Pardo auzoko Mingorrubioko hilerrira, diktadorearen emazte izandako Carmen Polo dagoen mausoleora.
Familiari 48 ordu lehenago emango diote abisua, eta prozesua "diskrezio osoz" egingo dutela azpimarratu du Calvok. Dolores Delgado Justizia ministroak egingo du notario lana Espainiako Erresumaren izenean. Komunikabideak ezingo dira sartu Erorien Haraneko basilikan eta Mingorrubioko mausoleoan, eta, beraz, ezingo dute eman haren gorpua hobitik ateratzen duteneko irudi gertukorik, ez eta hura berriro hobiratzen dutenekorik ere. Calvok esan du" espazio publikoak egokituko" dituztela komunikabideek euren lana egin dezaten. Ez du zehaztasun gehiago eman.
Franco Erorien Haranetik ateratzeko erabaki hori, hain zuzen, gobernuak hartu duen hirugarrena "eta azkenekoa" da, ostiral honetako gobernu kontseiluan harturikoa, presidenteordeak azpimarratu duenez. Irailaren 24n Auzitegi Gorenak baimendu zuen hobitik ateratzea, diktadorearen familiak jarritako helegitea atzera botaz. Francoren senideek Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa agertu dute.
Epaileen baimenarekin
2018ko abuztuan gobernuak dekretu bidez onartu zuen Memoria Historikoaren Legea aldatzea, Franco hobitik ateratzea eta haren gorpuzkiak El Pardoko hilerrira eramatea. Madrilgo epaitegietan erabakiaren aurkako helegiteak jarri zituzten, besteak beste, Francoren senitartekoek, Erorien Harana kudeatzen duen kristau komunitateak, Franco fundazioak eta beste eragile batzuek. Irailean, Kongresuan eginiko bozketan, PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren.
Hilabete geroago, hobitik ateratzeak aurrera eginez gero Franco non hobiratu proposatu zuen familiak: Madrilgo Almudena katedraleko kriptan duen hilobian. Gobernuak ez zuen egokitzat jo leku hori.
2019ko otsailean Franco hobitik ateratzeko agindua eman zuen gobernuak, eta senitartekoei hamabost eguneko epea eman zien Almudenakoa ez den beste hilobi bat proposatzeko; bereari eutsi zion familiak. Aste batzuk geroago, Franco hobitik ateratzeko eta El Pardoko hilerrira eramateko eguna jarri zuen gobernuak: ekainaren 10a. Gorenak prozedura eten zuen, epaia kaleratu arte: urrian, arrazoia eman zion gobernuari, eta bertan behera utzi zituen Gorenean eta beste epaitegi batzuetan zabalik zeuden auzibideak.