Gizartea

Urriaren 31ra arte luzatu dute Bizkaiko zahar etxeetako greba

Goizean manifestazioa egin dute, Bilboko Moyua plazatik Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzara. Salatu dute Bizkaiko Diputazioak 2018ra arte izoztu dituela tarifak, eta horrek gatazka "luzatu" baino ez duela egingo. Erabaki horren berri soilik patronalei eman izana ere leporatu diote.

Irailaren 1eko manifestazioa, Bilbon. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2017ko irailaren 7a
08:05
Entzun

ELA sindikatuak Bizkaiko zahar etxeetan dituen ordezkariek gaur bertan erregistratu dute greba deialdia Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Goizean egindako biltzarrean mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute. Oraingoz, urriaren 31ra arteko greba deialdia egin dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak itunpeko ohe bakoitzagatik ordaintzen duen zenbatekoa 81 euroan mantentzea erabaki du, gutxienez datorren urteko urriaren 31ra arte. Grebalariek salatu dutenez, erabaki horren berri patronalari baino ez diote eman. Euren esanetan, tarifa izozteak plaza bakoitzeko prezioa %4 edo %5 txikiagoa izatea esan nahi du, KPIaren igoerak kontuan hartuta. "Erabaki hori ikusirik, ezin ditugu ulertu Unai Rementeriak egindako adierazpenak. Erabat zinikoa da soldatak igotzeko ordua dela jendaurrean aldarrikatzea eta Bizkaia nagusi egiteko lurralde egokia egin nahi duela esatea, eta, aldi berean, Bizkaiko zahar egoitzetako 3.000 oheen prezioari bere hartan eusteko erabakia hartzea", ohartarazi dute. Hori horrela, diputaziora jotzeko asmoa iragarri dute, patronalaren aurrean langileen aldarrikapenak kontuan har ditzaten: 35 orduko lan astea, 1.200 euroko soldatak, langile gehiago eta hitzarmen berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.