«Urruña eta Zibururen arteko bide laburrena hartu genuen»
Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek 2009ko apirilean Ipar Euskal Herrira egin zuten bidaia da akusazioen argudioetako bat. Berez, ez dute daturik aurkeztu esateko ETArekin bildu zirenik. Baina zalantza zabaltzeko erabili dute, polizien zaintza saihesteko mugimendu susmagarriak egin zituztela esanez. Izan ere, poliziek Urruñaraino jarraitu zieten, eta gero galdu egin zuten arrastoa. Urruñan, Jokin Etxebarria Batasuneko kidearekin elkartu ziren. Hark bideokonferentziaz deklaratu du. «Ez nuen ezer arrarorik egin. Nire autoan joan nintzen, nire telefonoarekin, eta Urruñatik Ziburura joateko biderik laburrena hartu nuen, errepide nazionala kolapsatuta egoten zelako. Ziburun, Rafa Diez bertan utzi ondoren, autobidea hartu genuen Baionara joateko». Batasunaren egoitzan bildu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu