Larunbatean Urruñako txertaketa gune batean piztu zen sutea ikertzen ari da Frantziako Polizia. France Bleu irratiak jakinarazi du gasolina arrastoak eta sua piztu zen hainbat puntu identifikatu dituztela txertoa emateko baliatzen zuten karparen inguruan.
Gerald Darmanin Frantziako Barne Ministroak gertakaria onartezina dela esan du sare sozialetan, eta Baionako Poliziari ezarri dio gertakariak argitzeko ardura: «Sutearen egileei zigor gogorra ezarri behar zaie».
Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak ere atzo adierazi zuen bere ustez «nahita egindako erasoa» izan dela «zalantzarik gabe». Ikerketa abiarazteko eskatu zion Baionako Polizia Judizialari.
Incendie dans la nuit du 17 au 18 juillet du centre de vaccination de Urrugne. Le parquet a saisi le service de police judiciaire de Bayonne d'une enquête de flagrance pour destruction volontaire par incendie.
— Jerome Bourrier procureur Bayonne (@procBayonne) July 18, 2021
Suteak ez zuen kalte handirik eragin, suhiltzaileen lanari esker. Daniele Bideondo-Baron Urruñako Gizarte Gaietarako zinegotziak Sud Ouest-i adierazi zionez, «bakoitzak nahi duen iritzia izan dezake txertaketari buruz, baina halako ekintzek urruñar guztiei egiten diete kalte».
Gehitu zuen asteazkenean berriz ere abian jarri nahi dutela txertaketa gunea, «bete-betea dagoelako txertatzeko agenda». Printzipioz, abuztu amaierara arte egongo da zabalik txertaketa gune hori, asteazkenetan eta ostiraletan.