Euskal presoak

Urruntzearen "sufrimendua" amaitzeko neurriak galdegin ditu Etxerat-ek Loiolan

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eman diote euskal presoen senide eta lagunen gutuna, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ez baita joan ekitaldira.

Naike Diez Etxerateko kidea, Bakartxo Ruiz Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, gaur, Loiolako santutegiaren parean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko abuztuaren 1a
07:10
Entzun

"Espekulazioetan dabiltzanen objektu" bihurtzea salatu du Etxerat-ek, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak, Loiolako santutegiaren aurrean. Beste urte batez, mahai gainean jarri dute sakabanaketa politika dela-eta jasaten ari diren "sufrimendua", eta salbuespenezko neurri horiek eteteko aldarria egin dute. EAEko lehendakari Iñigo Urkuluri eman nahi zioten azken urteko balorazioarekin Etxerat-ek osatutako dokumentua, baina beste konpromiso batzuk zirela medio ez da bertaratu Eusko Legebiltzarreko lehendakaria. Haren ordez, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jaso dute.

Naike Diez Etxerat-eko kideak salatu du "jolasean" ari direla presoen senide eta lagunen bizitzarekin eta esperantzarekin. Eta euskal preso eta iheslariak etxean eta bizirik nahi dituztela "berehala".

Diezek azaldu du giza eskubideen urraketa dela salbuespenezko politika horrek dakarrena; senide eta lagunek "sufritzen" jarraitzen dutela bisita egin ahal izateko. Diezek azaldu du asteburuero beren bizitza "arriskuan" jartzen dutela eta hori amaitu beharra dagoela. "Ez dugu berriz harrikatuak izan nahi, ez dugu Andaluziako espetxeetara bidaiarik egin nahi, ez dugu istripurik gertatzerik nahi". Beren "ilusioarekin ez jolasteko" eskatu du, eta presoen urrunketa jasaten duten senide eta lagunak "balizko biktimak" direla gogorarazi du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.