Biktimentzat aitortza erreparazioa eta presoentzat "etxerako bidea marraztea" galdegin dute, gatazkako "zauriak lehenbailehen ixteko". Ildo horretan, "preso eta iheslarien aurkako salbuespen neurriak amaitzeko" eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute.
Esan duenez, “tanta ezberdinak bagara ere, bat gatoz goiburu honekin: giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”. Hori guztia dela eta, urtarrilaren 11ko mobilizaziorako deia egin du, oinarrizko hiru eskakizunen inguruko “giza marea” bat sortzeko: sakabanaketaren amaiera, gaixorik dauden presoak aske gelditzea eta Estrasburgoren epaia betetzea.
"Ahalik eta eremu publiko gehien" bete nahi dute urtarrilaren 11n Bilbon. “Ez da manifestazio bat izango, itsaso bat baizik, milaka eta milaka ur tantak osatutako adierazpen banko eta kolektibo bat”, adierazi dute.
Mobilizazio horren leloa Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira izango da. Ekitaldia baino lehen, 200 lagunek ekimen honen inguruko lan saio bat burutu dute: “Herritarron esku hartze erraldoia izango da, zenbait orduz eta agertoki desberdinetan hedatuko dena, marea baten antzera, Bilbon ez ezik testuinguru politiko eta sozial osoan zabalduko dena”.