11:00etan hasiko dira urtarrilaren 11ko ekitaldiak Bilboko Areatzan, eta 22:30 aldera amaituko da festa giroan egingo den aldarri egun hori. Mobilizazio nagusia 17:30etik aurrera izango da Zabalburu plazaren inguruetan.
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira izango du lelotzat urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizazio handiak. Bertan “itsaso bat” osatu nahi dutela esana dute antolatzaileek; presoen sakabanaketa amai dadila eskatzeko, “milaka eta milaka tanta” batu nahi dituela azaldu dute. Hain zuzen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren ezarpena atzera bota ondoren, sakabanaketari amaiera ematea da, antolatzaileen ustez, orain “urgenteena”.
Urtarrileko protesta ez dutela “alderdi batek beste bati eraso egiteko aitzakia” bihurtzerik nahi ohartarazi dute sustatzaileek. “Urtarrilaren 11n ez dugu blokerik nahi”. Hori dela eta, “izen abizenak dituen pertsona bakoitzari” egin diete bertan parte hartzeko deia, eta ez dute atxikimendu kolektiborik bilatuko, banakoenak baizik. Hartarako, www.tantaztanta.info webgunean sartu, eta "tanta egiteko" eskatu diete herritarrei.
Protesta eredua ere ez da ohikoa izango: ez du ohiko ibilbiderik izango, ez politikarien adierazpenik, ez ohiko pankartarik, ezta bukaerako adierazpenik ere. “Herritarrek konponbidearen alde egindako ekintza handi bat izango da, egun guztia iraungo duena, eta marea bezala zabalduko dena”. Goizean hasi eta gauean amaituko da aldarri eguna, eta herrietatik autobusak antolatzeko deia egin dute antolatzaileek. “Une goren” bat izango du, hala ere, egunak: 17:30ak aldera hasiko da, eta Autonomia eta Hurtado Amezaga kaleetan zabalduko da.