Euskal presoak

Urtarrilaren 12ko manifestaziorako deia egin dute LABek, EHNEk, Hiruk, ESK-k eta EILASek

ELAk ere oharra kaleratu zuen Bilboko mobilizaziora joateko deia eginez.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko abenduaren 19a
17:19
Entzun

Euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILAS sindikatuek. Prentsaurrekoa eman dute Donostian, eta han esan dute "lehen urrats gisa" ezinbesteko ikusten dutela presoen oinarrizko giza eskubideak errespetatzea. 

Zehazki, euskal presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituztenak libre uztea, "espetxe zigor gehiago ez luzatzea" eta preso zein pertsona gisa dagozkien eskubide guztiak errespetatzea galdegin dute.

Sindikatu horien ustez, konponbidean aurrera egiteko beharrezkoa da "gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren egoeran arreta jartzea".

ELAk ez du parte hartu gaurko prentsaurrekoan, baina manifestaziorako deia egiteko oharra kaleratu du, eta lantokiz lantoki zabaltzen ari da. Honela dio oharraren zati batek: "Itun antiterrorista indargabetzeko unea dugu hau; gatazkaren konponbideari buruzko pedagogia lantzeko unea, oinarri gisa egia eta justizia dituen adiskidetzea bultzatzeko eta elkarrizketa politiko bat hasteko garaia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.