Euskal presoen eskubideak bete daitezela aldarrikatzeko manifestazio nazionala izango da urtarrilaren 7an Bilbon, Egin Dezagun Bidea mugimenduak deituta. Gaur deitu du ekimena, Bilbon bertan. Iratxe Ibarra bertsolariak eta Iñaki Olasolo kazetariak aurkeztu dute, ondoan hainbat lagun ezagun zituztela.
Presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak aske lagatzeko, Parot doktrina kentzeko eta gaixorik dauden presoak ere libre uzteko eskatzen diete Espainiako eta Frantziako Gobernuei, "konponbidera" begira jartzeko asmoz. Ipar Irlandan eta Hegoafrikan presoekin hartutako neurriak hartzeko galdegin diete.
"Larritasun handiz bizi dugun egoera da, premia handiz konpondu beharrekoa", esan du Ibarrak prentsaurrekoan.
Azken urteetako mobilizaziorik handiena izatea nahi dute urtarrilaren 7koa. Casilla paretik hasiko da manifestazioa, 17:30ean.