Gaur jakin denez, urtarrilaren 8an hasiko da Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko idazkari nagusia eta Antolaketa idazkariaren, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia Batasuneko zuzendaritzakideen kontrako ahozko epaiketa.
Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago auzitegi bereko magistratuek epaituko dituzte. Ermuko Foroa akusazio partikularrak auzipetu guztiak espetxera bidaltzeko eskatua du. Urtebete eta lau urteko arteko zigorra eskatzen du Batasuneko ordezkarientzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa Ibarretxerentzat, eta bederatzi hilabete eta urtebete artekoa Lopezentzat eta Aresentzat.
Auzitegiak epaiketako parteek aurkeztutako froga denak onartu ditu, Henri Durant guneak PSE-EEk eta Batasunak izan zituzten elkarrizketez izan ditzakeen dokumentazioa izan ezik. Parteek proposaturiko lekuko guztiak ere onartu ditu auzitegiak. Horien artean Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, Jose María Aznar gobernuburu ohiak eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak ahoz edo idatziz deklaratu ahal izango dute.
Ibarretxe, Otegi, Barrena eta Petrikorena, 2006ko apirilaren 19an Ajuria-Enean euren artean batzarra egiteagatik auzipetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiko Roberto Saiz epaile instruktoreak, azken hirurak Batasuna legez kanpoko alderdi politikoko kideak direlako, eta Lopez, Ares, Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia, urte bereko uztailaren 6an Donostian biltzeagatik, azken hirurak Batasunekoak direlako. Batasunekoei desobedentzia delitua egitea egotzi die, eta besteei delitu hori egiteko beharrezko kolaboratzaile izatea. Jendaurrekoak izan ziren bilera haiek, ETA su-etena eman eta gero.
Batasuneko kideekin bildu izana ez dela delitua esan zuen 2007ko azaroan EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak, eta auzipetu denak absolbitzeko eskatu zuen. Ermuko Foroak akusazio partikular gisa jardun du eta Dignidad y Justicia elkarteak herri akusazio.
Petrikorena, Barrena, Etxeberria eta Dañobeitia gaur egun kartzelan dauzkate, beste auzi batzuk medio, eta Otegik abuztuaren bukaeran irten zuen espetxetik.
Aurretik, Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Nekane Bolado eta Antonio Garcia magistratuak ziren auziko kideak epaitzekoak baina, auzipetuen defentsen, akusazioaren eta Espainiako Ministeritza Fiskaltzaren errefusatzeen ondorioz, ardura horretatik kendu egin zituen auzitegi hartako 77. salak, epaiketan "inpartzialak" izan zitezkeelako.
Foro Ermuko Foroak Diaz Rabago errefusatu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiko 77. salak ez zuen aintzat hartu eskaera.
Politika
Urtarrilaren 8an hasiko da Ibarretxeren, eta PSE-EEko eta Batasuneko kideen kontrako epaiketa
EAEko Auzitegi Nagusian egingo dute ahozko saioa, Bilbon. ETAren su-eten garaian Batasuneko zuzendaritzakideekin bildu izanagatik daude auzipetuak Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares, alderdi hori legez kanpokoa dela-eta; kolaboratzaile izatea leporatu diete. Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia ere epaituko dituzte, desobedentzia delitua egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu